Amaitu da traineru denporaldia. Atzean geratu da hamar hilabeteko lan gogorra eta atsedena hartzeko egunak datoz arraunlarientzat. Ez, ostera, arraun elkarteetako arduradun eta entrenatzaileentzat, hurrengo denporaldirako plantilak osotu behar ditue-eta. Bizkaiko bost traineru eukiko doguz barriro be Eusko Label Ligan lehiatzen 2025ean. Aurtengo bostak: Urdaibai, Zierbena, Lekittarra, Ondarroa eta Kaiku. Ez da aldaketa handirik itxaroten talde gehienetan. Dani Perez izango da Zierbenako entrenatzailea hirugarren urtez jarraian, Iñaki Errastik zortzigarren urtea beteko dau Ondarroan, Jon Elortegik jarraituko dau Bizkaitarran eta ezustekorik ezean, Osertz Aldaik Aldai zuzenduko dau Isuntza arraun elkarteko trainerua, aurten Eusko Label Ligan inoizko emaitzarik onena lortu ostean. Bitxia bada be, Bermeo-Urdaibai, denporaldi honetan jaun eta jabe izan dan traineruan dagoz zalantza handienak. Bitxia dala dinot, teorian ez litzatekelako gora behera handiegirik egon behar kirol emaitza bikainak lortu dituen elkarte baten. Bou Bizkaiaren etorkizuna, baina, ez dago bape argi. Bermeoko Arraun Elkarteko arduradunek Iker Zabalaren aldeko apostua berretsi badabe be, entrenatzaile bermeotarrak ez dau erabagi non arituko dan hurrengo denporaldian. Alde batetik, ez dau argi ikusten zer eukiko dauen esku artean Bermeon. Izan be, aldaketa nabarmenak egon daitekez plantilan, azken urteetan Bou Bizkaian lehiatu diran gizon garrantzitsu batzuk arrauna izteko asmoa agertu dabelako eta, jakina, hutsune horreek betetea ez da bape erreza izango. Horregaz batera, datorren denporaldian Traineru Kluben Elkartearen ligan lehiatuko diran ontziek gitxienez harrobiko lau arraunlari ontziratuko beharko ditu eta gitxieneko hori bostekoa izango da 2026an. Gaur gaurkoz, Bermeoko arraun elkarteak arazo handiak daukaz arau barria betetzeko. Azkenik, Iker Zabalak eskaintza erakargarriak ditu mahai ganean. Ez da aste erraza izango azken denporaldietan lau liga eta lau Kontxa irabazi dituen entrenatzailearentzat, hartu beharreko erabagia oso sakona dalako.

Denporaldiaren analisi labur bat eginda, emaitzek garbi erakusten dabe traineru baten nagusitasuna beste guztien ganetik. Bermeoko traineruak 18 estropada irabazi ditu. Hamalau ligan, Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketak eta Kontxa. Bou Bizkaiak hamargarren aldiz irabazi dau Eusko Label Ligea, garaipen marka barria ipinita eta inoiz baino punto gehiago lortuta, 227. Denporaldi historikoa.

Zierbenak garaipen bi lortu ditu, Bilbon eta Arousan, eta bigarren sailkatu da Ligan eta Kontxan. Dani Perezek zuzendutako taldea izan da -Donostiarragaz batera- Urdaibai estutu dauen bakarra.

Lekittarrak inoizko sailkapen onena lortu dau Eusko Label Ligan, zazpigarrena, aurreko urteko zortzigarren postua hobetuta. Ekipo lehiakorra izan bada be, ezin izan eban Kontxan sartzea lortu. Horixe izan da denporaldiko akats bakarra. Gauza bera esan daiteke Ondarroako traineruari buruz, Iñaki Errastiren taldea be Donostiako banderatik kanpo geratu zan-eta, aurretik denporaldi txukuna egin ostean. Kaikuk ez dau ezelango arazorik izan maileari eusteko eta ganera, ezustekoa emon eta Kontxan sartu zan Elortegiren taldea. Santurtzi izan da Bizkaiko trainerurik onena KAE mailan Arkoteren aurretik. Deustok maileari eustea lortu dau eta Portugalete, barriz, jaitsi egin da. Busturialdeak eta Lutxanak euren proiektu gazteak sendotzen segidu behar dabe.