Erabateko nagusitasuna. Berba bi horreek ederto laburtzen dabe Kontxako banderan gertatutakoa. Bermeo-Urdaibai aurkariak baino gehiago izan da hasieratik amaierara arte Donostiako badian iraileko lehen domeka bietan jokatutako estropadetan. Hamalau segundo bigarrenari lehen jardunaldian eta beste hamabi luze bigarrengoan. Guztira, ia 27 segunduko aldea kendu deutso Bou Bizkaiak Zierbenari eta minutu erditik gora hirugarrenari, Donostiarrari. Orio eta Hondarribia 41 segundora sailkatu dira. Erabateko nagusitasuna ezelango zalantza barik. Zarauzko eta Getariako banderak galdu izanak, indarra kendu eutson Bermeo-Urdaibairen faboritotasunari Kontxako estropadei begira. Lehiaketak, baina, bakotxa bere lekuan ipini dau eta Bou Bizkaiak barriro erakutsi dau ganerako traineru guztien ganetik dagoala.
Kontxako lehen jardunaldiko eta bigarreneko estropadak oso antzekoak izan ziran. Hasteko, eguraldia lagungarri izan da traineruentzat, itsasoa bare egon dalako domeka bietan. Irabazleak, ia denpora berbera egin dau estropada bietan eta estrategia berbera erabili dau. Bou Bizkaiak bere erritmoa ipini dau hasiera hasieratik, baborrera eta estriborrera begiratu barik. Domeka bietan bost segundoko aldea kendu eutson bigarrenari ziabogan. Hortik aurrera, eta olatu handirik egon ez arren, Bermeoko traineruak txikitu egin ditu aurkariak Gorka Aranberri patroi trebearen gidaritzapean.
Zortzigarren garaipena Kontxako Banderan, 2010ean lehenengoa irabazi ebanetik. Orduko traineruan egon ziran Carlos Mañas, Bersaitz Azkue eta Alain Kolunga ondarrutarra, aurten be irabazle izan diran arraunlariak, Iker Zabala, gaur egungo entrenatzaileagaz batera. Zabalari berea emon behar jako. Aurtengoa bere hamargarren garaipena izan da Kontxako banderan. Hamaika dirala dino berak, hondino ez dauelako ahaztu 2013an gertatutakoa. Orain dala hiru urte hartu eban Bermeoko Arraun Elkartearen traineruaren ardurea eta ordutik hiru bider irabazi dauz Eusko Label Ligea eta Kontxako banderea. Irabaztera joan zan Bermeora eta ondo baino hobeto bete dau bere zeregina.
Kaiku arraun taldearen traineru biek lan txukuna egin dabe aurtengo Kontxako banderan. Hasteko, inor gitxik egiten eban euren alde sailkatzeko estropadetan eta ezustekoak emonda lortu ebezan denporaldiko banderarik ospetsuenean parte hartzeko txartelak. Traineru biak polito lehiatu dira Donostiako badian eta ez dira azkenak izan. Emakumezkoen taldeak estropada itzela egin eban bigarren jardunaldian. Proiektu horrek etorkizun bikaina dauka baina horretarako oinarri sendoak ipini behar jakoz.
Traineru denporaldia ez da amaitu eta estropada erakargarriak jokatuko dira datorren astegoienean Bermeon eta Portugaleten. Alde batetik, Bermeo-Urdaibaik azken aukera bat dauka garaipenen errekorra hobetzeko. Horretarako, irabazi egin beharko leukez zapatuko zein domekako estropadak. Ez da erraza izango, batez be Portugaleteko eremuaren ezaugarriak kontutan izanda. Urtero lez, kale zozketea erabakigarria izango da. Zapatuan Bermeon, Andramari jaien barruan, sekulako giroa egongo da.
Eta urtero lez, astegoien honetako estropada biak denporaldiko garrantzitsuenak izango dira bost trainerurentzat, Santurtzi, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Ares eta Chapela lehiatuko dira-eta Eusko Label Ligarako igoteko play offean. Emakumezkoen play offean, zoritxarrez, ez daukagu Bizkaiko ordezkaririk. Itsasoko Ama arraun elkarteko Sotera ez dago faboritoen artean igoerea lortzeko. Halandabe, denporaldian be ez egoan play offean sartzeko hautagaien artean eta azkenean ezustean aurreratu ebazan ganerako faboritoak. Gozatu daigun urteko azken estropada biekaz.