Egunak gero eta laburragoak dira igarri igarrian. Gauak gero eta hotzagoak dira. Bilbon erre dabe Marijaia eta Sanantolinak eta Andramariak ate joka daukaguz. Hau da, udea bajoaku eta udazkena hurreratuz doa. Athleticek liga hasiera honetan jokatu dituen partidu biak ikusita, ostera, edozeinek pentsa leike udaren erdialdean gagozala, denporaldi aurrearen erdi erdian, “La Galleta” torneoa edo antzekoren bat jokatzen.

Getaferen aurkako partiduaren ostean Ernesto Valverdek mezu garbia bialdu eutsoen jokalariei: pilak ipini behar dabezala. Pilak ipinita be Bartzelonaren zelaian irabaztea ez da erraza izaten eta zuri-gorriek galdu egin eben, normalean han jokatzen dabenean gehienetan egiten daben moduan. Egungo Bartzelona ez da Messiren sasoiko talde ikaragarria. Edozelan be, goi mailako jokalariak ditu eta edozein aurkariri irabazteko gaitasuna dauka. Athleticen aurkako partiduan, ganera, erraztasun handiak jaso ebazan zuri-gorrien aldetik.

Denporaldi hasiera honetan, Ernesto Valverderen taldeari kosta egiten jako arriskua sortzea aurkariaren ate aurrean. Williams anaiak, Sancet eta Berenguer ez dabilz fin eta Prados-Vesga bikoteak ez dau jokorik sortzen zelai erdian. Valverdek kendu egin ditu zelaitik Getafe zein Bartzelonaren aurkako partiduetan. Egia da baita, euren ordez zelairatutakoekaz ez dala gauza handirik aldatu. Horrelakoetan beti gogoratzen gara ez dagoanagaz. Nire uste apalean, Iñigo Ruiz de Galarretaren hutsunea nabarmenegia da talde zuri-gorrian. Horregaz batera, hegaletako gizonek zein Sancetek –gol bi sartu arren– ez dabe minik egin orain arte jokatutako partidu bietan. Ez daukagu Guruzetaren barririk eta ia Djalok bizitasuna emoten deutson erasoko jokoari.

Erasoko jokoan zer hobetu asko egon arren, Athleticen gaur egungo arazo nagusia aurkariari eusteko egituran dago. Gaur gaurkoz, Valverderena ez da talde sendoa. Aurkariak gauza gitxi egin behar dau arriskua sortzeko Padillaren ate aurrean. Getaferen edozein baloi luzek min egin eban zuri-gorrien atzealdeko lerroan. Bartzelonaren aurkako partiduan, zenbat bider egon zan bakarrik Levandowski errematea egiteko orduan? Poloniarrak sartutako golaren jokaldiak garbi erakusten dau Athleticeko atzealdearen nahaste-borrastea. Gorosabel kendu eta Lekue zelairatu eban Valverdek De Marcos aulkian itxita. Bilbotarra, baina, ez zan bape fin ibili, ez defentsan ezta erasoan be. Yeray galduta ibili zan eta Yurik ez dau sendotasunik erakusten.

Zorionez, zuri-gorriek ez daukie tarte askorik buruari bueltak emoteko eta Valentziaren aurka jokatuko dabe bihar San Mamesen. Ruben Barajaren taldeak ez dau punturik lortu ligako lehen partidu bietan eta entrenatzaileak gogor kritikatu dau bere jokalariek zelaian erakutsitako jarrerea. Kontuak kontu, puntu beharrean dagozan talde bi izango dira aurrez aurre bihar. Kontua da partidua San Mamesen jokatzen dala eta etxeko taldeak espabilau egin behar dauela. Valverderen Athletic oso talde sendoa izan zan Katedralean aurreko denporaldian eta sendotasun hori berreskuratu behar dau –lehenbailehen ganera– gauzak okertzen hasi ez daitezen. Ez dogu ahaztu behar Atletico de Madrid indarbarritua datorrela zapatuan San Mamesera. Denporaldiko lehen garaipena eskuratu behar dau bihar Athleticek Valentziaren aurka. l