Astelehen honetan goizean, uztailaren 7an, Sopelako Udalak Barinatxe hondartzara sartzeko arrapalaren gaineko ezpondaren egonkortasuna bermatzeko alternatiben azterlana aurkeztu die udal talde guztiei eta inplikatutako administrazio publiko guztiei.

2025eko abenduaren amaieran, Udalak, azterlan geotekniko bat kontratatzeko konpromisoa hartu zuen, 2022an, 2024an eta 2026ko urtarrilean hainbat lur irristatzek eragindako La Salvaje hondartzara sartzeko arrapalaren mantentze lanak bermatzeko aukera teknikoak aztertzeko. Irristatze horiek arrapalaren erabilera normalizatua eragozten dute, eta, ondorioz, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea. Barinatxe hondartzarako sarbide hori ezinbestekoa da garbitasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Azpimarratzekoa da, halaber, sarbide arazoek eragin negatiboa dutela hareatzan jarduten duten surf eskolen jardueran. 

Bidein ingeniaritzak aurkeztu duen azterlanak sei aukera eskaintzen ditu mendi hegaleko ezponda egonkortzeko eta, horrela, hareatzara sartzeko arrapala egonkortzeko. Azterlanak hiru irizpideren arabera baloratzen ditu aukerak: erabiltzaileengan eta zerbitzuengan duen eragina, ingurumena eta kostu ekonomikoa. 

Mendi hegala sare bidez egonkortzea

Ondoen baloratutako aukera mendi hegala sare bidez egonkortzea da. Jarduketa horretan, lanak egiten diren bitartean bakarrik itxi beharko litzateke sarbidea, eta, ondoren, oinezkoak eta garbiketa eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak sartzea ahalbidetuko luke. Ingurumenari dagokionez, proposatutako aukerak ezpondaren higadura geldiaraziko luke, ez lieke florari eta faunari eragingo, eta ikusmen inpaktua ez litzateke gehiegizkoa izango. Hasiera batean, 400.000 euroko inbertsioa egin beharko litzateke, eta, ondoren, urtero, 30.000 euroko mantentze lanak egin beharko lirateke. Aukera horrek 20 urteko bizitza erabilgarria izango luke.

Arrapalaren egungo egoera

Gaur egun, Barinatxera sartzeko arrapala itxita dago oinezkoen joan-etorrietarako, eta garbiketa eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak baino ezin dira sartu. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak maiatzaren amaieran garbitu zuen urte hasierako lur irristatzea, arrapala oztoporik gabe utziz. Aldundiak berak egindako lanek sarbidea behar bezala bermatzen zutenez, Udalak ez du subsidiarioki jardun behar izan. 

Udala eguneroko jarraipena egiten ari da Udaltzaingoaren eta Udal Brigadaren bidez. Gainera, ezpondaren egoeraren aldizkako jarraipen geoteknikoa ere kontratatuta dago.

Administrazioen arteko lankidetza

Sopelako Udalak azpimarratu du oso garrantzitsua dela administrazioen arteko lankidetza, ezponda egonkortzea eta Barinatxe hondartzara sartzeko arrapala mantentzea bezalako arazo konplexuari konponbidea emateko. Izan ere, hareatza horrek, 2025eko uda garaian, 171.000 bisitari izan zituen guztira. Gauzak horrela, Sopelako Udalak, jarduketa osoa gauzatzeko, administrazioen arteko hitzarmena egitea proposatu du, inplikatutako erakunde publikoekin hurrengo kontaktuetan aztertu eta eztabaidatzeko formula gisa.