Hamalau estropada jokatuta sei geratzen dira Eusko Label Ligea amaitzeko. Azken estropada biak Bermeon eta Portugaleten jokatuko dira irailaren 14an eta 15ean. Kontua da, hondino sei lehia geratu arren, traineru gehienentzat lehentasuna ez dagoala ligan, beste leku baten baino: Kontxan. Objektiboak izanda, Eusko Label Ligearen sailkapen nagusian erabagi beharreko gehiena erabagita dago.
Benetako hondamendia gertatu beharko litzateke Bermeo-Urdaibaik lehenengo postua galtzeko. Alde batetik, hamasei puntuko aldea kentzen deutsalako bigarren sailkatuari sei estropadaren faltan eta bestetik, Bou Bizkaiak erakutsi dauen nagusitasunagaz oso gatxa izango dalako emaitza txarrak kateatzea azken sei estropadetan. Gauza bera esan daiteke sailkapeneko beheko aldera begiratu ezkero. Bueuk mailea galduko dau eta San Pedrok play offa jokatuko dau Galiziako ligako eta KAE ligako lau onenen aurka. Kontuak kontu, Eusko Label Ligan helburu argi barik eta arrisku barik geratu ostean, traineruak Kontxara begira ari dira lanean. Donostiako banderan hiru estropada baino ez dira jokatzen. Ligan, barriz, hogei. Ezin da konparazinorik egin baina ezinda ukatu Kontxa, Kontxa dala eta klub guztiek -ez gipuzkoarrek bakarrik- garrantzi berezia emoten deutsoela. Eta Donostiako banderea aitatuta Zarauzko banderako estropada biak lotu behar doguz. Ospe berezia daukie eta arraun munduan esan izan dabe Zarautzen txarto dabilenak aukera gitxi eukiko dituela Donostiako badian, ordurako egin beharreko lana ondo eginda egon behar dalako.
Zierbenako entrenatzaileak, Dani Perezek, argi eta garbi adierazi dau aurreko astean entrenamendu saio gogorrak egin dabezala eta arraunlariek jasotako zama hori igarri egin dabela astegoieneko estropadetan. Entrenatzaile galiziarrak ez dauz entrenamentak gogortu Eusko Label Ligara begira, Kontxako estropadetara ahalik eta indartsuen heltzeko baino. Zierbenak badaki ezinezkoa izango jakola ligako lehen postua kentzea Bermeoko traineruari. Egun bateko estropadan, ostera, erakutsi dabe Bou Bizkaia menderatzeko gauza dirala. Gauzak holan, galipoek Kontxan erreko ditue euren azken kartutxoak.
Isuntza arraun elkarteak badauka arrazoirik Kontxako estropadea ondo prestatzeko. Izan be, hogeta bost urte luze igaro dira Lekittarra azkenengoz Donostiako banderan lehiatu zanetik. Akarregi, Albonigamayor, Mendizabal, Lekerikabeaskoa, Guti, Zatika, Muñiz, Alzibar eta enparauen sasoiak ziran hareek. Ordutik, ez dira zazpi onenen artean sartu sailkatzeko estropadan. Arantza hori atara gura dabe.
Ondarroa denporaldi txukuna egiten dabil eta biribildu egin gura dau Donostiako banderarako sailkapena lortuta. Iñaki Errastiren mutilak erakutsi dabe zortzi traineru onenen artean egon daitekezala. Izan be, Eusko Label Ligan jokatutako hamalau estropadetatik bederatzitan sailkapeneko lehen zortziren artean egon dira. Badaukie, bai, itxaropentsu egoteko arrazoirik.
Kaiku behetik gora dator denporaldi honetan eta bizi bizi helduko da abuztuaren 28an Donostian jokatuko dan sailkatzeko estropadara. Datu bat: Jon Elortegik zuzentzen dauen Bizkaitarra bost bider sartu da sailkapeneko lehen zortziren artean ligako azken sei estropadetan.
Esan beharrik ez dago itzela izango litzatekeela Bizkaiko bost traineru izatea aurtengo Kontxako banderan. Urdaibaik eta Zierbenak ez leukie ezelango arazorik izan behar eta Lekittarra, Ondarroa eta Kaiku ez dira sailkatzetik urrun ibiliko.