beste estropada bi jokatuta Eusko Label Ligan, sailkapenari erreparau ezkero ez dirudi aldaketa aitagarririk izan danik. Zierbenarekiko zazpi puntuko aldeagaz ekin eutson Bermeo-Urdaibaik astegoienari eta alde horri eusten deutso Bilbo eta Sestaoko estropadak jokatu ostean. Bou Bizkaiak, ganera, bere bosgarren garaipena eskuratu dau sei jardunalditan. Ibilbide bikaina beteten segiduten dau Iker Zabalaren koadrilak. Astegoien honetan, baina, gauzak aldatu egin dira Eusko Label Ligan, ekipo batek, Zierbenak, erakutsi dauelako Bermeo-Urdaibai ez dala menderatuezina. Inork ez dau zalantzan ipiniko Bou Bizkaia denporaldiko trainerurik indartsuena dala eta faborito nagusia Eusko Label Ligea irabazteko. Estropada guztiak irabaztearena, ostera, garbi geratu da ezinezkoa izango dala. Zierbenak aurrea hartu eutson Urdaibairi Bilboko estropadan tarte oso txikia lortuta izan bazan be. Bata bestearen atzetik aritu ziran erlojupekoan baldintza ia bardinetan eta Dani Perezen taldea nagusitu zan ganerako hamar traineruei alde handia kenduta ganera. Jakin gureko neuke zer jazo jaken Bermeoko arraunlariei estropadearen azken txanpan. Izan be, GPSaren arabera hiru segunduko aldea eukan bere alde Zubi-zuri parean eta garaipenak ihes egin eutson azken arraunkadetan. Ez dot baztertzen GPSak emondako datua okerrekoa izatea.

Galipoak, baina, ez ziran asetuta geratu zapatuan lortutako sariagaz eta Sestaoko banderea irabazteko asmo argiagaz uretaratu ziran. Domekan, baina, Urdaibaik azken txanpan eskuratu eban bezperan tarte horretan galdu ebana. Bermeoko traineruak Sestaon lortutako garaipenak merito handia dauka estropada eremuko kalerik txarrenetik erdietsi eban-eta. 2022an Santurtziko estropadan egindako lan bikaina ekarri eustan gogora. Orduan, Bou Bizkaiak itzel erantzun eban ligea galtzeko mehatsuaren aurrean.

Kontuak kontu, Zierbenak bizitu egin dau aurtengo Eusko Label Ligea, liderraren garaipen boladari amaierea emonda. Galipoek garbi erakutsi deutse Bermeoko ekipoari barruan daukien onena emon beharko dabela hareek menderatzeko. Goraipatzekoa da Zierbenak erakusten dauen lehiakortasuna Dani Perez iritsi zanetik. Denporaldi negargarri baten ostean, joan zan urtean bigarren sailkatu ziran Ligan eta Kontxan eta aurten be eurak dira Urdaibairi aurre egiteko gaitasuna erakutsi daben bakarrak. Gizon lasaia eta sikologo bikaina da entrenatzaile galiziarra. Zarata handirik egin barik, goitik behera aldatu dau bere koadrilaren mentalidadea aurkari menperakaitza bilakatuz.

Traineru denporaldia aurrera joan ahala –Eusko Label Ligako sei estropada baino ez dira jokatu– gero eta garbiago dago Bueurentzat oso gatxa izango dala sailkapeneko zulotik urtetea, lehen mailako ganerako traineru guztien mailearen azpitik dago-eta. Horregaz batera, eta Ondarroa, Lekittarra eta, batez be Kaikuren nasaitasunerako, San Pedro atzeratuta geratzen hasi da sailkapeneko promozino postuan.

Gaurko zutabe hau ezin dot amaitu autortu barik ez dodazela gogoko Ibaizabal errekan jokatzen diran estropadak. Leku bikaina da ikuslearentzat baina kaleen arteko aldeak handiegiak dira eta erabakigarriak izaten dira. Badakit estropada eremu guztietan –Kontxatik hasita– gora beherak dagozala kaleen artean. Bai. Baina errekakoa gehiegizkoa da. Barriro dinot leku ederra dala traineru estropadak ikusteko baina banaka eta erlojupekoan arituta, Bilboko banderan lez. l