Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Liderra indartsu, aurkariak makalago

Las imágenes de la XLI Bandera Petronor en aguas de ZierbenaJose Mari Martínez

37

lau estropada jokatu dira aurtengo Eusko Label Ligan eta Bermeoko traineruak irabazi ditu laurak, nagusitasun handia erakutsita ganera. Horregaz batera, Bou Bizkaiak irabazi egin ditu ligeari ekin aurretik jokatutako hiru txapelketak, Bizkaikoa, Euskadikoa eta Espainiakoa. Kontuak kontu, Iker Zabalak zuzentzen dauen ekipoak ez dau traineru estropadarik galdu 2024ean, denporaldi aurrean parte hartu dauenetan be garaile izan da-eta. Lekeition Zarautzek kendu eutson banderea eguraldian izandako aldaketea baliatuta baina Urdaibai nagusi izan zan bere txandan.

Hau guztia kontuan izanda, garbi esan geinke aspaldiko urteetan ez dogula ikusi hain hasiera indartsua traineru baten aldetik. Eta orain sortzen jaku erantzun gatxa daukan itauna: Zergaitik Urdaibairen nagusitasun hau? Bere errendimendua azken urteetakoa baino hobea dalako ala bere aurkariek behera egin dabelako? Bietako apur bat esango neuke. Bermeoko taldeak ez dau aldaketa handiegirik izan aurreko urteagaz alderatuta eta bloke berberaren hirugarren urtea da Zabalaren aginduetara. Eta hori igarri egiten da. Orkesteak gero eta finago joten dau. Jon Unzagak hartu dau Mikel Ojedaren lekua, Bersaitz Azkuek Jon Etxanizek itxitakoa eta Alberto Vidal sartu da baborrean Ander Zabalaren ordez. Ganerako arraunlari gehienek urte asko daroez alkarregaz. Kolunga, Unanue, Calleja, Tabero, Mañas, Portugues, Zubiri eta abar. Ondo antolatutako makina bat osatzen dabe, esperientzia handikoa, eta honeri irabazteko asko egin behar da arraunean. Ganera, ekipo titularrean aldaketak egin arren be –domeketako estropadetan batez be– trainerua azkar dabil.

Beste alde batetik, orain arte jokatutako estropadek garbi erakutsi daben moduan, Urdaibairen aurkarien errendimenduak beherakadea euki dau. Euren arteko aldea handitu egin da. Zierbenak 22 segundu galdu ebazan A Coruñan, bi bakarrik Bueun, 19 Donostian eta 11 Zierbenan, baldintza ezbardinetan jokatutako estropadetan. Bigarren jardunaldian kenduta, galipoak urrun ibili dira garaipena eskuratzetik. Dani Pérez entrenatzaileak patroia eta 7 arraunlari aldatu ebazan Zierbenako estropadarako baina iraultzeak ez eban gura izandako ondorioa eragin. Edozelan be, garbi daukat Perezek ez dauela amore emongo.

Hondarribiari jagokonez, ekainean jokatutako txapelketetan garbi ikusi genduan ez dala –oraingoz behintzat– beste urte batzuetako talde indartsua. 11 segundu galdu ebazan A Coruñan, 15 Bueun –Orio eta Getariaren atzetik-, 32 Donostian eta 7 Zierbenan, orain arte Orbañanosen mutilek egin daben estropadarik onenean. Kontuak kontu, Bermeo-Urdaibaik oso altu ipini dau langea eta aurkariek ez dabe erakutsi haraino heltzeko gaitasunik.

Aurten arraun munduan gertatzen ari dana ez dot sekula ikusi. Izan be, hiru traineruk estropada guztiak irabazi ditue hiru maila nagusietan. Urdaibaik, Arraun Lagunakek eta San Juanek ez dabe lehia bat bera be galdu. Ikusteko dago noraino heltzen dan bolada hori. Denporaldia hasi besterik ez da egin.

Batzuk hasi dira esaten ligea aspergarri doala beti irabazten dauelako betikoak. Bandera eskuratzeko lehiatik harago, ostera, badagoz beste lehia erakargarri batzuk. Ez gara hirugarren txandara bakarrik begira egon behar, lehenengoan zein bigarrenean be estropada bikainak izaten dira-eta. Ondarroa, Lekittarra, Kaiku, Cabo, Getaria eta enparauak borroka ikusgarriak eskeintzen dabilz.