Hausnarke-tarako egunak
ARRAUNLARI guztiak desiatzen egoten dira denporaldiari ekiteko hainbat hilebeteko entrenamentu sasoi amaibakoaz aspertuta. Lehiaketeak bere xarma berezia dauka. Ez da bardin norberaren buruaren aurka lehiatzea entrenamentuetan edo aurkariaren presinoa igartea albo-alboan. Ganera, lan saioetako sentsazinoak onak izan arren, ekipoek ez dakie zein dan euren benetako mailea estropadan aurkariak alboan dirala lehiatu arte.
KAE1 ligearen lehen jardunaldia jokatuta, hausnarketarako egunak datoz traineruentzat. Izan be, batzuk hasiera ona emon deutsoe denporaldiari eta beste batzuk, ostera, uste baino maila makalagoa emon dabe. Pasaian jokatutako erlojupeko estropadan ikusitakoaren arabera, Pasai Donibaneko trainerua ganerako guztien ganetik dago, askogaitik ganera. Hortik aurrera, Zumaia, Lapurdi, Santurtzi eta Arkotek osaturiko laukotea dator. Sotera traineruak hasiera ona emon deutso denporaldiari eta lehen estropadan egindako lan onak konfiantza eta lasaitasuna emongo deutsoz lanean jarraitzeko. Ez da ahaztu behar, Itsasoko Ama taldean aldaketa sakonak egon dirala aurreko denporaldian Eusko Label Ligatik jaitsi ostean. Etapa eta proiektu barri bateri ekin deutsoe eta holakoetan oso garrantzitsua izaten da emaitzak lagun izatea.
Arkote agertzen da txanponaren beste aldean. Plentziarrek sailkapeneko goialdean egon gura dabe eta igoteko play offa jokatzeko aukerea emoten daben lehen postu bietan sartu, azken denporaldi bietan hirugarren sailkatu ostean. Ligako lehen estropadan, baina, bosgarren denporarik onena baino ez eben egin, lehen bietatik urrun ganera. Ez da Arkotek gura eta itxaroten eban hasierea izan. Hondino estropada asko dagoz jokatzeko, baina garbi dago Plentzitarrak hobetu egin behar dauela bere errendimendua, denporaldirako ipinitako helburuak bete gura badauz behintzat.
Portugaleteko arraunlari, arduradun eta zaleak oso pozik geratu ziran ligako lehen jardunaldian lortutako emaitzeagaz. Izan be, Jarrillerak bost aurkari itxi ebazan atzetik, puntu sorta ederra eskuratuta ganera. Portugalete gura eban lekuan dago, sailkapeneko azken hiru postuetatik kanpo. Hondino estropada asko geratu arren, Gerardo Raneroren ekipoak erakutsi dau maila ona daukala KAE1 ligan lehiatzeko.
Deustuko traineruari jagokonez, ezin esan hasiera ona emon deutsonik denporaldiari, denporarik txarrena egin eban-eta lehen jardunaldiko erlojupekoan. Botilea erdi beterik ikusi gura izan ezkero, Tomateraren aurretik sailkatu ziran talde biak, Orio B eta Camargo oso hurre geratu ziran. Hau da, errendimendua apur bat hobetu ezkero, Deustuk urten egin leike saikapenaren zulotik.
Emakumezkoen traineru ligeari jagokonez, ez da ezusteko handirik izan. Zumaia faboritoak estropada biak irabazi badauz be, uste baino arazo gehiago euki dauz Astillero menperatzeko. Kaiku hirugarren sailkatu da erlojupeko bietan eta ez da emaitza bape txarra, Bizkaitarran izan diran aldaketak kontutan izanda. Deusturi ezin jako askoz gehiago eskatu, ekipo barria dalako eta Ondarroaren kasuan, hobetotxuago ibiltea itxaroten genduan. Plantila oso gaztea da eta hobetzeko tarte handia dauka.
Azkenik, KAE2 ligeari jagokonez, talde historiko bi izan dira irabazle lehen jardunaldi bietan: Astillero eta Castro. Bizkaiko taldeei jagokenez, azpimarratzekoa da gazte mailako arraunlari ugariren presentzia Busturialdea eta Lutxanako traineruen tostetan. Aurreko urtean kadete mailan bateletan hiru luze eta zazpi minutuko estropadak egitetik, hogeta hiru minutuko lehiak egitera igaro dira. Jauzi handia bezain gatxa.