2023-24 denporaldia amaituta, balorazinoak egiteko ordua be heldu jaku eta, jakina, argi eta garbi esan geinke Ernesto Valverderen taldeak lan bikaina egin dauela amaitu barri dan kanpainan. Datuak hortxe dagoz: Athleticek kopa txapelketea irabazi dau berrogei urteko siketeari amaiera emonez eta bosgarren geratu da liga txapelketan, azken denporaldietako posturik onenean, seigarrenari zortzi puntuko aldea kenduta. Europara itzultzea zan helburu nagusia eta zuri-gorriek bide bitik lortu dabe sailkapena Europa Ligarako: kopako txapela eskuratuta eta bosgarren sailkatuta ligan. Ganera, ez dogu ahaztu behar Valverderen taldea Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan ibili dala, Metropolitanon jokatutako partidu erabakigarrian galtzaile izan zan arte. Hori guztia gitxi balitz, Unai Simonek Zamora saria irabazi dau eta taldeko aurrelari batek, Guruzetak, aspaldiko gol markarik onena lortu dau. Kontuak kontu, Athletic zaleok ez dogu sekula ahaztuko 23-24 denporaldia, gabarrea barriro Ibaizabalen gora ikusi genduanekoa.

Emaitzak alde batera itxita, Ernesto Valverderen tadeak itxura bikaina emon dau denporaldiko partidu gehienetan. Egia da, entrenatzaileak berak adierazi dauen legez, zuri-gorrien partidu batzuk ez dirala futbolaren historiara pasauko, Rayo Vallecanoren aurka azken jardunaldian jokatutakoa adibidez. Ganerako lehia gehienetan baina, Athletic talde sendoa izan da, arriskutsua eta aurkari gogorra edozein talderentzat. Hortxe dagoz, Kopa txapelketan San Mamesen Bartzelona edo Atletico de Madriden aurka jokatutako partidu bikainak. Ligan be gozatu egin dogu Katedralean. Nabarmentzekoa da, etxeko partiduetan erakutsitako sendotasuna. Aurten be garbi geratu da kanpaina ona egin gura dauen edozein taldek gotorleku bilakatu behar dauela bere estadioa eta aurten talde bakar batek, txapeldunak, lortu dau talde zuri-gorria menperatzea Bilbon. Athleticek arazo handiak izan ditu aurkariaren atea zulatzeko Aritz Adurizek taldea itxi ebanetik. Aurten, ostera, aspaldiko markarik onena lortu dau, Guruzetaren eta Iñaki Williamsen eskutik. Kontuak kontu, gozatu egin dogu aurten geure taldea jokatzen ikusten.

Eta aurrera begiratuta, hurrengo denporaldia ezin erakargarriago dator. Hasteko, Europa Ligako lau partidu ikusteko aukerea eukiko dogu San Mamesen, eta beste lau etxetik kanpo, gitxienez. Ez da gitxi, Europan jokatzea zer dan erdi ahaztuta euki dauen taldearentzat. Goi mailako aurkariak daukaguz zain eta baleiteke Old Trafforden jokatzea barriro, Bielsaren eskutik bizi izandako gau majikoa gogoratzeko.

Belaunaldi aldaketea eukiko dogu 24-25 denporaldian. Muniain, Raul Garcia eta Dani Garcia ez dira plantilan egongo eta ikusteko dago zer gertauko dan Herrera eta Berenguerregaz. Halanda ze, jokalari gazteek aurrepausu bat emon beharko dabe, beteranoek itxitako hutsunea beteteko. Izan be, jakin badakigu Athleticek ez dauela fitxaketa askorik egingo. Aukera bikaina Unai Gomez, Mikel Jauregizar, Aingeru Olabarrieta eta enparauentzat. Oihan Sancetek eta Nico Williamsek be, beste urrats bat emon behar dabe. Ze polita dan harrobiko mutilak lehen mailan jokatzen ikustea. Eurak dira gure Athleticen sustraia.

Zorterik onena opa gura deutsat Amorebietari datorren domekan Mirandesen zelaian jokatuko dauen partidu erabakigarrirako. Gauza bera, Barakaldori, Orihuelaren aurkako kanporaketaren itzuliko partidurako, eta Portugaleteri, federazinoaren bigarren mailara igoteko ahaleginean. Eta zelan ez, Bermeori, hirugarren mailara itzultzeko lehian. Azkenik, zorionik beroenak Sestao Riverrentzat maileari eustea lortu dauelako. Honek guztiak be, Athleticen sustraia dira.