Denporaldi bikaina egin dau Athleticek, kopea irabazi eta ligako sailkapenean bosgarren postua eskuratuta. Ganera, zuri-gorriek partidu gogoangarriak eskeini deuskuez –San Mamesen batez be– eta Real Madrid baino ez da gauza izan Katedralean irabazteko. Atzera begiratuta, baina, gure oroimena ez da oso urrun heltzen eta azken egun eta asteetan gertatutakoagaz geratzen gara sarritan. Eta azkenaldian –kopako finaletik aurrera hain zuzen– Athletic partidu bakarra irabazita egoan eta ezin izan eban garaipenik lortu San Mamesen jokatutako hiru partiduetan, Vila-real, Granada eta Osasunaren aurka. Horregaitik guztiagaitik, Ernesto Valverdek irabazi egin gura eban Sevillaren aurkako partidua –azkena Katedralean– denporaldia zapore gozoagaz agurtu eta bosgarren postua eskuratzeko. Helburu horregaz, hamaikakorik indartsuena zelairatu eban, Raul Garcia eta Iker Muniain ipinita Sancet eta Guruzetaren ordez. Sevillaren aurkako partidua ezin biribilagoa izan zan zuri-gorrientzat: hiru puntuak eskuratuta sailkapeneko bosgarren postua lotu eben eta garaipena eskuratzeko golak, Raul Garciak eta Iker Muniainek sartu ebezan, ekainaren 30ean kluba itxiko daben jokalari mitikoak, San Mamesen bildu ziran 45.000 zaleren zoramenerako.

Partidua ezeze, astegoiena be ederra izan da Athleticen, barri on ugari jaso doguz-eta. Hasteko, Ernesto Valverde izango da Athleticeko entrenatzailea datorren urtean be, eta esan beharrik ez dago albiste bikaina dala, taldeak euki leiken patroi onena dalako. Horregaz batera, Oscar De Marcosek be taldean segidutea erabagi dau eta bera izango da kapitaina hurrengo denporaldian. Zutabe nagusi bi hurrengo urtean bere ondo lehiatzeko. Iker Muniain, Raul Garcia, Valverde eta De Marcosen etorkizuna argituta, hiru jokalarigaz zer gertatuko dan jakitea bakarrik geratzen jaku. Alex Berenguer, Ander Herrera eta Dani Garciak Athleticegaz daukiezan kontratuak ekainaren 30ean amaitzen dira eta ez dago argi klubean segiduko daben ala ez. Kasu ezbardinak dira. Ibaiganek Berenguerrek segidutea gure dau baina ez dirudi Herrerak eta Dani Garciak klubaren eskeintzarik daukienik. Seguruenik, Sevillaren aurkakoa izango zan euren azken partidua elastiko zuri-gorriagaz. Athleticegaz kontratua euki arren, argitzeko dago non jokatuko daben Adu Aresek eta Asier Villalibrek hurrengo denporaldian.

Jokalari batzuk ez dabe segiduko eta beste batzuk beteko dabe hareek itxitako hutsunea. Valverdek Mikel Jauregizar Alboniga, hogei urteko gazte bermeotarra zelairatu eban Iker Muniainen ordez kapitaina zelaitik atara ebanean. Jaurek ordu erdi jokatzeko aukerea euki eban eta barriro erakutsi eban etorkizun handiko jokalaria dala. Eta Raul Garciak zelaitik urten ebanean, Aingeru Olabarrieta Capelo, hamazortzi urteko hegaleko arabarra sartu zan bedartzara. Batzuk joan doaz, beste batzuk etorri datoz eta Athleticek bizirik eta indartsu segiduten dau.

Eta Bizkaiko futbola bere indartsu dabil. Amorebieta bizirik dago maileari eusteko borrokan, gauza bera Sestao River, Bilbao Athleticek federazinoaren lehen mailan jokatuko dau hurrengo denporaldian eta Barakaldok be jauzia emon leike. Hirugarren mailan, Deustok eta Portugaletek lehen urratsa emon dabe mailaz igoteko eta Bizkaiko ohorezko mailan, Bermeo, Zalla eta Zamudio lehia bizian dabilz hirugarren mailarako promozinorako sailkatzeko.

Ezin amaitu emakumezkoen talde bi zoriondu barik. Izan be, Zuazo Barakaldok eskubaloian eta Getxok errugbian, gorengo mailan jokatuko dabe hurrengo denporaldian, ondo mereziduta ganera.