Asteazken honetan goizean, ekainaren 17an, Bilboko Udalak argi berdea eman dio Basurtu, Zorrotza eta Altamira auzoetan parkeak eta espazio publikoak modernizatzeko lanak egiteari, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko apustuari helduz. Proiektu horiek dagoeneko onartuta daude Udaleko Gobernu Batzarrean (Zorrotzakoa eta Altamirakoa), edo laster onartuko dira. Guztira, hiru milioi inguruko inbertsioa ekarriko dute.
Zorrotzagana: erosoagoa eta erabiltzeko aukera berriak
Gaur goizean, Zorrotzaganako haurren jolasgunean, Zorrotza auzoan, estalki handi bat jartzeko proiektua onartu du Udaleko Gobernu Batzarrak. Jarduerak 1.010.409 euroko inbertsioa ekarriko du, eta aisialdi-espazio horren erabilera-baldintzak hobetzea ahalbidetuko du, eguraldi txarretik babestuz eta inguruko familientzat duen erakargarritasuna indartuz.
Esku-hartzea 780 metro koadroko azaleran egingo da, eta auzotarren eskaera bati erantzungo dio, haurrentzako gunea urte osoan erabiltzea errazteko.
Proiektuak parkearen zati bat naturan inspiratutako egitura berezi baten bidez estaltzea aurreikusten du, ingurunean integratzeko eta adingabeentzat espazio abegitsuagoa eta erakargarriagoa sortzeko diseinatua.
Estalki berria baso txiki baten itxurako egitura metaliko batez osatuta egongo da. Egitura horrek enborren eta adarren forma edukiko du, eta polikarbonatozko estalki zeharrargitsu bati eutsiko dio. Soluzio horrek argi naturala igarotzea ahalbidetuko du, eta itzalen eta koloreen jokoak sortuko ditu, jolasaren esperientzia aberastuz. Gainera, LED teknologiaren bidezko argiztapen apaingarria izango du, gaueko orduetan ere espazioaren izaera ludikoari eusteko.
Proiektuak haur-elementu ia guztiak mantendu eta estalki berriaren azpian birbanatuko ditu, erabilgarri dagoen espazioa optimizatzeko. Era berean, urte batetik sei urtera bitarteko haurrei zuzendutako bi jolas berri gehituko dira, haietako bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituta; horrela, parkearen izaera inklusiboa indartuko da.
Jarduketan, halaber, egoteko gune berri bat sortzea aurreikusten da, bereziki auzoko nerabe eta gazteentzat. Espazio horrek hiri-altzari berriak izango ditu, eta belaunaldien arteko bizikidetza eta topaketa erraztuko ditu, dauden jolas-eremuak osatuz.
Obrek, gainera, honako hauek jasoko dituzte: kautxuzko segurtasun-zoladura berritzea, saneamendu- eta argiteria-sareak egokitzea, eta estalkiari lotutako argiztapen funtzional eta apaingarri berri bat sartzea.
Obrak adjudikatu eta hasi ondoren, lanak egiteko aurreikusitako epea sei hilabetekoa da.
Altamirak bat egingo du espazio estalien sarearekin
Zorrotzaganako parkea ez da udalak datozen hilabeteetan 8. barrutian estaliko duen parke bakarra. Izan ere, horri Altamirako haur-eremua berritzeko eta estaltzeko onartu berri den proiektua gehitzen zaio. Proiektu horri esker, auzoko familientzat erreferentziazkoa den espazio hori modernizatu ahal izango da, eta erabilera-aukerak urte osora zabaldu.
Proiektuaren barruan, polikarbonatozko estalki berri bat ipiniko da jolasgunearen gainean, hondatutako elementuak ordeztuko dira, kautxuzko zoladura erabat berritu, eta plataformen arteko konexioak hobetu, eskalatzeko eta igotzeko elementu berrien bidez.
Esku-hartzearen barruan sartuko dira, halaber, paisaia-hobekuntzak, hiri-altzariak berritzea eta birkokatzea, orain dauden hormatxoen eta eraikuntza-elementuen gaineko jarduketak, argiteria modernizatzea, eta obrek kaltetutako landaretza eta ureztatze-sistemak birjartzea.
Proiektuak 894.319 euroko udal-inbertsioa jasoko du, eta gutxi gorabehera sei hilabeteko exekuzio-epea izango du, lanak esleitu eta hasi ondoren.
Aisialdirako eta kirolerako espazio berri bat Bentazarran
Bentazarra parkean ere, Basurtu eta Masustegi artean, auzoko elkargune nagusietako bat erabat eraldatuko da.
Udalak bultzatutako proiektuak, Gobernu Batzarrak laster onartuko duenak, honako hauek barne hartzen ditu: haurren jolas-eremu berrirako estalki handi bat eraikitzea –300 metro koadro baino gehiago izango ditu–, 570 metro koadroko kirol anitzeko kantxa bat, kalisteniako gune bat, eta egonleku berri bat sortzea, elkarbizitza eta gizarte-harremanak errazteko harmaila erdizirkularrez eratua. Gainera, zoladurak, argiteria, oinezkoen ibilbideak eta hiri-altzariak hobetuko dira, eta iturri publiko berri bat ere gehituko da.
Esku-hartzearen bidez, belaunaldien arteko espazio bat eskaini nahi da, haurrek jolasteko, jendeak kirola egiteko eta auzotarrak elkartzeko.
Guztira, milioi bat euro baino gehixeago (1.009.566 euro) inbertituko da zazpi hilabeteko exekuzio-epea duen jarduketa batean.
Martxan dauden beste obra batzuk
Parkeak, plazak eta herritarren aisialdirako espazioak hobetzeko eta beraien balioa nabarmentzeko proiektu hauek dagoeneko hasita edo lizitazioan dauden beste proiektu batzuei gehitzen zaizkie. Haien artean daude Kirikiño plazakoa eta Artazubekoa etxaldekoa, Errekalden (biak lizitazio fasean); Peñascal bideko jolasak berritzea, Betolatza plaza estaltzea, edo Garabi plazako haur-parkea berritzea eta estaltzea, Santutxun (egiten).