Sailkapeneko laugarren postua eskuratu eta datorren denporaldian Txapeldunen Ligea jokatzeko borrokan egon gura eban Ernesto Valverdek ligearen azken jardunaldira arte. Zuri-gorrien ahalegina, ostera, antzua izan da, lehiaketeari amaierea emoteko hiru jardunaldi geratzen diranean Atletico de Madridi laugarren postua kentzea ia ezinezko bihurtu dalako. Holan ba, sailkapeneko bosgarren postuari eustea izango da Athleticen helburua datozen hiru partiduetan. Esan beharrik ez dago, ligearen azken txanpea gura baino luzeagoa egingo jakula Athletic zaleoi.
Ez dakit zehatz zergaitik, baina Athleticen errendimenduak beherantz egin dau Kopa txapelketako finala irabazi ebanetik. Datuak hortxe dagoz. Ernesto Valverderen taldeak partidu bakarra irabazi dau ordutik, Getaferen zelaian hain zuzen be. Denporaldian zehar San Mamesen sekulako sendotasuna erakutsi ostean, zuri-gorriak ez dira gauza izan partidurik irabazteko Katedralean martxoaren 16an Alaves menderatu ebenetik. Kontua da, haregaitik edo honegaitik Athleticek ezin izan dauela garaipenik lortu Vila-real, Granada eta Osasunaren aurka. Ganera, kale egin eban Atletico de Madriden aurkako partidu erabakigarrian Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan. Kontuak kontu, kopako finalaren ostean zuri-gorriek ligan gauza handirik ez ebela egingo esaten ebenek, goitik behera asmau dabe. Nik uste neban talde zuri-gorria azken jardunaldira arte egongo zala Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan baina garbi geratu da oker nenbilela. Emaitzek garbi erakusten dabe kopako finalaren osteko biharamona nahi baino luzeagoa izaten ari dala. Jokalariek ahalegin guztiak egin dabez partiduak irabazteko baina ezin izan deutsoe eutsi La Cartujako finala jokatu aurreko joko bizi eta bikainari. Osasunaren aurka be, zuri-gorriek gorputz eta arima ipini eben bedartzan hiru puntuak eskuratzeko baina ezin izan eben menderatu aurkaria. Galarreta eta Sanceten hutsuneak nabarmen igarten dabil Valverderen taldea.
Raul Garcia izan zan protagonista nagusia zapatuko partiduan (ehun urteko “Jesustxu” fruiztarra eta bere ilobak gonbidau ebazan Katedraleko palko batera) eta jendetza ikaragarria batu zan atzo San Mamesen Iker Muniain kapitainaren agurreko ekitaldian. Horregaz batera, ekainaren 30ean kontratua amaitzen jaken jokalarien kontuak izango doguz berbagai hurrengo egunetan. Izan be, denporaldia amaitzeko hamabi egun bakarrik geratzen diranean, hondino ez dakigu zer gertatuko dan Oscar De Marcosegaz, Ander Herreragaz, Alex Berenguerregaz eta Dani Garciagaz, besteak beste. Ganera, ez dakigu nor izango dan Athleticeko entrenatzailea hurrengo denporaldian. Danok uste dogu Ernesto Valverdek segiduko dauela taldea zuzentzen. Klubeko arduradunek argi eta garbi esan dabe, eta sarritan ganera, Valverdek segidutea gura dabela. Entrenatzaileak be esan dau Athletic dala bere lehentasuna. Orduan, zelan ulertu daiteke akordiorik ez izatea ikasturtea amaitzeko aste bi baino gitxiago geratzen diranean. Pentsa gura dot ez dala arazorik egongo eta Valverdek segiduko dauela. Edozelan be, bitxia bada alde bien arteko akordioaren barririk ez izatea. Zer pentsa emoten dau. Arrazoiren bat egongo da, seguru.