Ezin esan Santiago Bernabeun jokatutako partiduan izandako emaitzak ezustean harrapau gaituenik. Estadistikek garbi dinoe merengeen estadioa ez dala aproposa lehoientzat, gehienetan galdu egiten dabe-eta. Halanda be, Athleticek partidu onak egin izan ditu Chamartinen, azken emaitzak lagundu ez arren. Oraingo honetan, ostera, Ernesto Valverderen taldeak ez dau bere mailarik onena emon Real Madriden zelaian jokatutako partiduan. Etxeko taldeak gauza handirik egin barik eskuratu ditu jokoan egozan hiru puntuak, zelaian oso eroso egonda ganera. Izan be, zuri-gorriak ez ziran gauza izan arriskurik sortzeko aurkariaren ate aurrean. Ezinean ibili ziran zelai erditik aurrera eta atzealdean be ez ziran oso fin ibili aurkariak sartutako gol bietan. Kontuak kontu, ahazteko moduko partidua izan zan Santiago Bernabeun jokatutakoa.

Arestian esan bezala, Ernesto Valverderen taldea oso urrun ibili zan denporaldiko partidu gehienetan erakutsi dauen maila onetik, ligako hogeta hamar partidu jokatu ostean sailkapeneko laugarren postuan egotera eroan dauen mailatik hain zuzen be. Kontua da, zergaitik emon eban hain maila eskasa talde zuri-gorriak. Hasteko, ez da normala Athleticeko jokalariek zuriz jantzita jokatzea Santiago Bernabeun. Beraz, txarto hasi ginan zelairatu aurretik be. Beste alde batetik, errazena litzateke esatea, jokalariek burua Kopako finalean eukiela eta horregaitik ez ebela erakutsi halako estadio baten zeozer lortzeko ezinbestekoak diran tentsinoa eta konzentrazinoa. Garbi dago Valverderen gizonek ezin dabela burutik kendu La Cartujan Mallorcaren aurka jokatuko daben finala. Normala da. Halanda be, ez dot uste horixe izan danik faktore garrantzitsuena zuri-gorriek egindako partidu makala ulertzeko. Hasteko, Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta barik ekin eutson Athleticek Real Madriden aurkako partiduari eta, jakina, oso jokalari garrantzitsuak dira lehoien erasoko jokoan. Beste alde batetik, etxeko taldea hain goiz aurreratu izanak min handia egin eutson Valverderen ekipoari. Hortik aurrera, Sancet, Williams, Guruzeta eta enparauak ezinean ibili ziran Luninen ate ingurura hurreratzeko be. Halanda ze, lehenbailehen ahaztu daigun Bernabeuko partidua.

Hilabete luze igaro da Athleticek kopa txapelketako finalerako sailkapena lortu ebanetik Atletico de Madridi 3-0 irabazita San Mamesen finalaurrekoaren itzuliko partiduan. Orduan be, Athleticek galdu egin eban lau egun lehenago Benito Villamarinen jokatutako partiduan, txarto jokatuta ganera. Lau egun beranduago, ostera, Valverderen gizonek goitik behera menderatu eben Txapeldunen Ligako final laurenetan dagoan aurkaria. Beraz, Bernabeun ikusi genduan taldea eta La Cartujan ikusiko dogunak ez dabe zerikusirik izango. Edo horixe itxaron behar dogun behintzat.

Kopa txapelketea irabazteko aukerak euforia handia eragin dau Athletic zaleon artean, bai, eta ez dot uste kaltegarria izango danik. Azken baten, Valverdek behin baino gehiagotan esan dauen legez, garrantzisuena eta erabakigarriena La Cartujako bedar-tzan gertatuko da, talde bietako jokalarien arteko lehian. Finalak irabazteko dira, bai, baina lehia jokatu artean amesetan egin daigun eta gozatu daigun datorren zapatuko partiduaren inguruan sortutako giro bikainagaz, benetan ederra da-eta. Gozatzeko egunak dira. Gero gerokoak.