Balio handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Gironaren aurkako partiduan. Esan beharrik ez dago, hiru puntu baino gehiago irabazi ebazala Ernesto Valverderen taldeak sailkapeneko bigarrena menderatuta. Izan be, zuri-gorriak garaipenaren bidera itzuli dira Almerian jokatutako partidu makalaren ostean eta sentsazino onak berreskuratu ditue denporaldiko une erabakigarriaren atarian. Halanda ze, Athleticek Betis, Atletico de Madrid eta Bartzelonaren aurka jokatuko dau datorren astean. Alde kualitatiboa garran-tzitsua bada, are gehiago garaipenaren alde kuantitatiboa. Gironaren aurka lortutako hiru puntuei esker, Athleticek bederatzi puntuko aldeari eusten deutso atzetik datorren Realarekiko eta hamarrekoa Betisekiko. Horregaz batera, puntu bira baino ez dauka Atletico de Madriden laugarren postua, edo beste era batera esanda, Txapeldunen Ligarako sailkapena, lehiaketa hori aitatze hutsak bertigoa sortzen badau be. Kontuak kontu, Ernesto Valverderen taldea oso ondo kokatuta iritsi da denporaldiaren une erabakigarrira. Bostgarren liga txapelketan eta kopako finalaren atarian. Hori gitxi balitz, zuri-gorriek transmitiduten dabezan sentsazinoak ezin hobeak dira, San Mameseko partiduetan batez be.
Athleticek Gironari irabazteko sufridu izana normaltzat jo behar dogu. Izan be, Michelek zuzenduriko taldea partidu bi bakarrik galduta iritsi zan San Mamesera, sailkapenaren bigarren postuan. Biak Real Madriden aurka ganera. Halanda be, 3-2ko emaitzak ez dau erakusten zelaian gertatutakoa, Athletic aurkaria baino gehiago izan zan-eta partiduaren minutu gehienetan. Egia da, bai, Gironak gol aukera garbiak euki ebazala bardinketea lortzeko azken minutuetan baina egia da baita be, Athleticek gol aukera garbi ugari euki ebazala –lehenengo zatian batez be– partidua erabagita izteko bere alde, azken minutuetan sufritzen ibili barik. Edozelan be, sailkapeneko goialdean egon gura dauen talde batek sufritzen be jakin behar dau eta zuri-gorriek sufritzen dakiela erakutsi eben Gironaren aurkako partiduaren azken minutuetan.
Denporaldia une erabakigarrian sartuta, Athleticek bere zaleriaren babes osoa dauka. Horren adierazle, ia 47.000 zale batu izana astelehen zuri baten gaueko bederatzietan jokatutako partidua ikusteko. Katedralera joan ziranek, ganera, euren taldea irabazten ikusteaz ganera, goi mailako futbol partidua ikusteko aukerea euki eben.
Hamaikakoaren bizkar hezurra osatzen daben jokalari bi barik lortu eban garaipena Athleticek Gironaren aurka. Izan be, Oihan Sancetek eta Nico Williamsek ordezkoen aulkitik ikusi eben norgehiagokaren zatirik handiena. Valverdek euren ordez zelairatutako Berenguer eta Unai Gomezen errendimendua bikaina izan zan, nafarrarena batez be. Ez eban minutu askorik jokatu denporaldiaren lehen zatian entrenatzaileak Williams anaien aldeko apostua egin dauelako hegaletarako. Nicoren lesinoak, baina, titulartasunerako ateak zabaldu deutsoz eta bikain baliatu dau aukerea. Unai Gomezi jagokonez, euskarrian jokatuta erosoago sentitzen bada be, zelaiko edozein lekutan jokatuta be sekulako beharra egiten dau eta gorputz eta arima ipinten ditu jokaldi guztietan. Hamaikakoa aztertuta, Unai Simon eta aurretik dituen atzelariak oso sendo ari dira, Gironaren gol bietan lar ondo ibili ez baziran be. Galarretak eta Pradosek osaturiko bikotea bikain ari da eta Sancet eta Nico Williamsen bertsinorik onena berreskuratu behar dogu datorrenari aurre egiteko. Azkenik, albiste bikaina da Gorka Guruzetak kontratua luzatu izana. Ondo merezidutakoa.