Urrearen balioa daukan garaipena eskuratu eban Athleticek La Ceramica estadioan. Ernesto Valverdek sekulako garrantzia emon eutson Vila-realen lortutako emaitza onari. Izan be, talde zuri-gorria garaipenaren bidera itzuli da aurreko jardunaldi bietan puntu bakarra lortu ostean. Liga txapelketaren hamabigarren jardunaldian lortutako hiru puntuei esker, Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dago, Europarako postuetan sartzeko borrokan dagozan taldeen artean. Baina puntuak eskuratzea garrantzitsua izanda be, zuri-gorriek la Ceramica lako estadio gatx baten egindako lan onak konfiantza handia emongo deutso Valverderen taldeari.

Valentziaren aurkako partiduan San Mamesen gertatutakoak zalantzaren bat edo beste sortu eban Athleticen inguruan. Izan be, Barajaren taldea nagusi izan zan Katedralean jokatutako partiduaren zati askotan eta mendean euki eban etxeko taldea. Halanda ze, Ernesto Valverderen koadrilak partidu on bat behar eban Vila-realen zelaian eta garaipena lortuta, hobeto. Beti esan izan dot partiduak detaileetan erabagitzen dirala eta domekako partiduko bigarren minuturako Iñigo Ruiz de Galarretak bere taldea aurreratu izanak goitik behera baldintzatu eban partiduaren nondik norakoa. Izan be, areagotu egin ebazan etxeko taldeak lehia hasi aurretik eukazan zalantzak eta, ostera, konfiantza itzela emon eutson talde zuri-gorriari.

Eraginkortasun erakustaldi ederra emon eben bilbotarrek lehenengo zatian. Kontua da, Athleticek ondo jokatzen dakiela erasora begira eta aurkariaren ate aurrean asmatzen dauenean edozeini irabazteko gauza da. Iñigo Ruiz de Galarretaren etorrereak aberastu egin dau zuri-gorrien erasoko jokoa. Ganera, oso ondo konpontzen da Mikel Vesgarekin. Osagarriak dira. Eta bikote honen aurretik, hirukote zitala dago. Williams anaiak benetako aiztoak dira hegal bietatik eta Oihan Sancetek liluratu egiten gaitu bere jokoagaz barrutik. Denporaldi honetan aurrerapausu bat emotea eskatzen geuntson eta nafar gaztea bikain erantzuten dabil. Erraztasun ikaragarria dauka aurkariaren defentsa lerroak hausteko. “Killer” bat falta jaku aurkariaren arean amesetan hasteko. Konponbide gatxa daukan gabezia. Edozelan be, Gorka Guruzetak lan itzela egiten dau eta lau gol daroaz aurten. Ganera, beste jokalari bi, Nico Williams eta Ruiz de Galarreta, sartu dira goleatzaileen zerrendan. Gaur egun, ez dot uste Valverdek zalantza handiegirik daukanik hasierako hamaikakoa osatzeko. Atzealdean ez dauka aukera handirik eta erditik aurrera garbi dago nortzuk diran onenak.

Athleticeko entrenatzaileak ez eutson garrantzi handirik emon Vila-realen aurkako partiduaren azken txanpan minutu baten gol bi jaso izanari. Futbola horrelakoa dala esan eban. Bai, holakoak gertatzen dira, bai, baina ahalegin guztiak egin behar dira halako itzalaldiak saihesteko. Eta zuri-gorrien kasuan behin baino gehiagotan gertatu dira.

Futbola bolada kontua dala dinoe adituek. Txanponaren alde bien erakusgarriak daukaguz Bizkaian. Amorebietak burua altxa ezinik segiduten dau eta azken jardunaldietako bolada negatiboa zama handia bilakatu da Haritz Mujikaren mutilentzat. Zortzi jardunalditan garaipenik lortu ezinik egonda ez da bape erreza zelaian arriskuak hartzen ausartzea. Txanponaren beste aldean, Carlos Gurpegiren Bilbao Athleticek zortzi jardunaldi daroaz olatuaren ganetik jausi barik eta sailkapeneko lehenengo postuan finkatuta.