Behin baino gehiagotan azpimarratu dot zelan aldatzen diran gauzak kirolean egun gitxiren buruan. Traineru estropadetan gertatu da uda honetan. Faboritoak ez ebanean irabazten krisi hotsak zabaltzen ziran. Hurrengo estropadan, ostera, erakustaldia emon eta baltza zana zuri bilakatzen zan. Athleticek liga txapelketako lehen jardunaldian Real Madriden aurka galdu ebanean San Mamesen, bat baino gehiago hasi zan esaten Valverde ez zala entrenatzaile egokia taldea zuzentzeko eta aulkitik kendu ezean igazkolako denporaldi gora-beheratsua egingo ebala taldeak. Egia esateko, nik neuk be idatzi neban partidu haretan Real Madrid inoiz baino erosoago aritu zala San Mamesen eta errez nagusitu zala zuri-gorrien aurrean. Gaur egun be gauza bera pentsetan dot. Kontua da, Athletic nagusi izan dala lehen jardunaldiaren ostean jokatu dituen bost partiduetan. Mallorcan ez eban garaipena eskuratu baina Javier Agirreren taldea baino gehiago izan zan bedartzan. Baltz ikusten genduan etorkizuna abuztuaren 13an baina egoerea goitik behera aldatu da. Valverderen Athletic honek ilusinoa sortu dau zaleon artean.

Entrenatzaileek milaka estatistika erabilten dabezan sasoi honetan, bateren bat ez da ona izango, baina gehienak Athleticen aldekoak dira ezelango zalantza barik. Hasteko, zuri-gorriek ez dabe partidurik galdu azken bost jardunaldietan, lehenengoan lider indartsuaren aurka galdu ostean. Ganera, hamahiru puntu eskuratu ditue, lau partidu irabazi eta bat bardinduta. Hori guztia gitxi balitz, Unai Simonek ez dau golik jaso lau jardunalditan eta garrantzi handia emoten deutsat datu honeri. Golik jaso ezean garaipena hurrago egoten dalako eta beste alde batetik, atzealdeko lerroan hutsune garrantzitsuak egon diralako. Estatistika positiboekaz jarraituta, Valverderen taldeak ez dau partidurik galdu etxetik kanpo lehiatu dan hiru jardunaldietan. Eta azkenik, ez dago lehorterik golak sartzeko orduan eta taldeko aurrelari bik, Iñaki Williamsek eta Gorka Guruzetak, hiruna gol daroez. Ez dakit beste estatistikaren bat ahaztuten jatan, baina garbi dago Athletic zaleok pozik egoteko arrazoiak doguzala denporaldi hasiera honetan. Eta paperetan agertzen diran gauzak, ikutuezinekoak, sentsazinoak, positiboak dira. Izan be, Athletic Osasuna, Betis, Mallorca, Cadiz eta Alaves baino gehiago izan da eta ondo mereziduta eskuratu ditu, eskuratu dituen hamahiru puntuak. Eta hori guztia, azken partiduetan taldeko jokalari arriskutsuenetakoa barik jokatuta. Lesinoak ez dira sekula sasoi onean etorten, baina pena handia izan da Iñigo Ruiz de Galarretan lesionatzea. Eibarko erdilariak asko aberastu dau taldearen erdialdeko jokoa eta zuri-gorrien igarri egingo dabe haren hutsunea.

Denporaldiko partidurik deserosoenetakoa jokatuko dau bihar Athleticek San Mamesen Getaferen aurka. Bordalas itzuli da Madrideko taldera eta Valverdek badaki zer aurkitu dauen aurrez aurre bihar Katedralean. Oso garrantzitsua izango da markagailuan aurretik ipintea lehenbailehen. Bestela, baloia denpora gehiago egongo da geldirik jokoan baino. Cadizen aurka erakutsitako pazientziari eutsi behar deutso Valverderen taldeak. Ekin eta ekin aurkariaren atea zulatu arte. Eta zapatuan derbia Anoetan. Azterketa gatxa zuri-gorrientzat, Txapeldunen Ligan jokatzen dabilen taldearen zelaian aritzea.

Athleticeko bazkide batzuk klubaren filosofiaren ganean eztabaidea zabaldu gura izateak beste askoren haserrea eragin dau. Ez dot ulertzen egonezaren arrazoia. Filosofiaz eztabaidatzeak ez dau esan gura aldatu egin behar danik. Ganera, eztabaidea ona da beti.