Desilusinoa da nagusi Athletic zaleen artean azken hiru jardunaldietan puntu bakarra eskuratu, gol bakarra sartu eta San Mamesen partidu bi jarraian galdu ostean. Ernesto Valverderen taldeak huts egin dau Europarako sailkatzeko urrats garrantzitsuak emoteko izan dituen aukeretan. Ez neuke esango porrotak izan diranik -ez eban galtzea merezidu izan Sevilla eta Betisen aurka- baina garbi dago ez dauzala aurreikuspenak bete. Azkenean, liga txapelketak bakotxa jagokon lekuan itxiko dau sailkapenean eta aurkariaren atea zulatzeko hainbeste arazo dituen taldeak oso gatx eukiko dau Europan jokatzeko aukerea emoten daben postuetan amaitzea denporaldia. Athleticek arazo handi bat dauka aurrealdean, errematatzaile-golegi baten faltea hain zuzen. Kontua ez da barria. Badakigu nondik sartzen dan ura ontzian. Txarrena da, epe laburrera behintzat ez dagoala arazoa konpontzeko aukera garbirik, Ernesto Valverdek datorren denporaldirako talde lehiakorra euki gura arren.
Halanda be, denporaldiko helburu nagusia -Europarako sailkatzea- betetzeko aukerea esku-eskura dauka Ernesto Valverderen taldeak Real Madrideri esker. Talde merengeak Kopea irabazi izanaren ondorioz, sailkapeneko zazpigarrenak Conference League jokatzeko aukerea eukiko dau. Kontuak kontu, Athleticek bost partiduko ligea edo play offa jokatuko dau azken jardunaldietan Girona, Rayo Vallecano, Osasuna eta Sevillagaz batera. Ligatxo horretako irabazleak lortuko dau Europarako sailkapena. Orain artekoa ahaztu, desilusino egoereari bueltea emon eta azken txanpa ona egin behar dabe Valverderen gizonek. Vila-real, Osasuna eta Real Madriden zelaietan jokatuko dabe zuri-gorriek eta Celta eta Elx hartuko ditue etxean. Ezin esan euren eskuetan daukienik helburua betetea, Gironak huts egitea behar dabe-eta. Datorren zapatuan Vila-realen jokatuko daben partiduak garrantzi handia eukiko badau be, ez dot finala berbea erabili gura, azken urteetan eta azken asteetan garbi geratu da-eta zuri-gorriek ez dabela euren onena emoten finaletan.
Athleticek berrogeta zazpi puntu baino gehiago eukiteko meritoak egin ditu orain arteko jokatutako hogeta hamahiru partiduetan. Ahaleginak, baina, ez dau punturik emoten, golek baino. Beste alde batetik, denporaldi amaieran sailkapeneko goialdean egon gura dauen talde batek ezin dau hainbeste punto galdu etxean. Athleticek denporaldi honetan San Mamesen jokatu dituen hamazazpi partiduetatik, zazpi baino ez ditu irabazi, beste horrenbeste galdu eta hiru bardindu. Talde zuri-gorriak aspalditik ez dau hain puntu gitxi lortu etxeko partiduetan. Edo beste era batera esanda, Athleticek aspaldi honetan ez dau hain puntu asko galdu Katedralean. Eta jakina, San Mames etxeko taldearen gotorleku izan ezean, oso gatxa da Europarako sailkatzea.
Txanponaren beste aldean, nabarmentzekoa da emakumezkoen taldea egiten dabilen denporaldi amaiera bikaina. Iraia Iturregiren taldea sasoi betean iritsiko da Real Madriden aurkako kopako final aurrekora. Eta zer esan Amorebietaren ganean. Haritz Mujikaren taldea egiten dabilena itzela da, bikaina benetan. Azken urratsa baino ez jake falta profesional mailako futbolera itzultzeko, urte batetik bestera ia plantila osoa aldatu ostean. Txapela kentzekoa.
Eta ez dot ahaztu gura Deusto taldea. Bigarren RFEF mailara igoteko play offean sartu ostean, Vitoria kanporatu eta finala jokatuko dau Leioaren aurka. Lan bikaina multzoko aurrekonturik txikienetakoa daukan klubarena, Aritza Eskandon entrenatzailearen eskutik.