Athleticek ez eban partidu ona jokatu Mallorcaren aurka. Egia esateko, aspaldian etxetik kanpo jokatutako partidurik txarrena egin eban Ernesto Valverderen taldeak, Espanyol, Valladolid eta Almeriaren zelaietan lan bikaina egin ostean. Zuri-gorriak ezinean ibili ziran Javier Agirrek zelaian ipini eban giza hesia gainditzeko. Mallorcak ez eban jokatu gura eta ez eutsan jokatzen itxi nahi izan aurkariari. Zuri-gorriak, baina, ez ziran esku hutsik itzuli Balear ugartetik, Sevillaren aurkako partiduaren ondarrean euki ez eben suertea euki ebelako Mallorcaren aurkakoan. Partidua txarra izan dala garbi izanda, baina beti botilea erdi beterik ikusteko ahaleginean, jardunaldi bat gitxiago geratzen da Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek hurrago dauka datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerea emoten dauen seigarren postua. Hori bai, zuri-gorriek bigarren aukerea galdu dabe Betisi aurrea hartzeko sailkapenean. Komodinak agortuz doaz.
Javier Agirreren Mallorcak lehen mailan jokatuko dau hurrengo denporaldian. Ezin esan, ostera, Son Moix estadiora joaten diran zaleek futbol ikusgarriaz gozatzeko aukera handirik daukienik. Agirrek ez dau inor engainatzen. Planteatzen dauen jokoa ez da ikusgarria, praktikoa baino, defentseari eta sendotasunari lehentasuna emonez. Ondorioz, Mallorcari irabazteari ez da bape erreza, Athleticek San Mamesen eta Son Moixen jokatu dituen partidu bietan garbi geratu dan moduan.
Valverdek baekian zer aurkituko eban Mallorcaren zelaian. Zuri-gorriak, baina, ez ziran gauza izan Agirrek jarritako hormea zulatzeko. Hegaletatik, Athleticek ez eban minik egin, bigarren zatian Nico Williamsek zelaira urten eban arte. Barrutik, taldeak faltan bota ebazan Sancet eta Muniain eta ez zan ganorazko hiru-lau pase josteko gauza izan. Ander Herrerak bikain jokatu eban Almerian baina bere errendimenduak behera egin dau Sevilla eta Mallorcaren aurkako partiduetan. Valverdek arbolea astindu eban bigarren zatian, baina zelairatutako jokalariek ez eben gauza handirik aldatu.
Ez da lehenengo aldia Athleticek arazoak dituena atzean sartuta jokatzen dauen talde baten aurka. Azkena, Getaferen aurka San Mamesen. Pentsa lei, zuri-gorriek ez daukiela plan alternatiborik horrelako aurkariei aurre egiteko.
Betisen aurkako partidua garrantzitsua bazan, garrantzi handiagoa hartu dau Sevilla eta Mallorcaren aurka puntu bakarra eskuratu ondoren. Athleticek garaipena eskuratzen badau, aurreratu egingo leuke Betis sailkapenean, seigarren postuan kokatuko litzateke eta gol-average dalakoa alde eukiko leuke. Galtzaile izan ezkero, ostera, Pellegriniren taldeak bost puntuko aldea kenduko leuskio ligea amaitzeko bost jardunaldiren faltan eta gol averagea be andaluziarren aldekoa izango litzateke. Beraz, etziko partidua benetako finala izango da Valverderen taldearentzat. Athleticen eskuetan dago Europarako txartela eskuratzea baina horretarako, zuri-gorriek ezin dabe huts gehiago egin, eta are gitxiago San Mamesen. Europarako sailkatzeko ezinbestekoak dira Betis, Celta eta Elxen aurkako partiduetako bederatzi puntuak. Etziko partidura begira, zoritxarrez -azken orduko ezusteko pozgarririk ezean- entrenatzaileak ezingo ditu zelairatu Iñigo Martinez eta Iker Muniain. Baja garrantzitsuak biak.
Ez dot ezer esan gura Bilbao Athleticen ganean. Beste batzuk azaldu beharko dabe zer eta zergaitik egin daben egin dabena. Txanponaren beste aldean, Amorebietak beste urrats bat emon dau bigarren mailara itzultzeko bidean.