Danatariko eretxiak eragin dauz Athleticek Sanchez Pizjuanen jokatutako partiduak. Askoren ustetan, Ernesto Valverderen taldeak aukera bikaina galdu eban hiru puntuak eskuratzeko, etxeko taldearen mailea aspaldiko urteetako makalena dala kontuan izanda. Beste askok, ostera, ontzat emon dabe Sampaoliren taldearen aurka lortutako puntua, zuri-gorriek denporaldiko partidurik makalenetakoa jokatu ebela argudio modura erabilita. Biek ala biek arrazoi zati bat daukie. Izan be, Valverderen gizonak aurkaria baino gehiago izan ziran bigarren zatian eta garaipena eskuratzeko aukerak be euki ebezan. Era berean, galtzetik be oso hurre ibili ziran. Kontuak kontu, pozik egon gaitekez Sevillan lortutako puntuagaz. Sanchez Pizjuanen ez galtzea albiste ona da beti Athleticentzat. Zuri-gorriek hirurogeta hemeretzi bider jokatu dabe Sevillaren zelaian eta hamaika garaipen baino ez dabez lortu. Gehienetan, ganera, –berrogeta zazpi bider– galtzaile izan dira.

Ernesto Valverdek Athleticen ardurea hirugarrenez hartu ebanean, inor gitxik uste eban liga txapelketako zortzi jardunaldi jokatuta zuri-gorriak sailkapeneko hirugarren postuan egongo ziranik Real Madrid eta Bartzelonaren atzetik bakarrik eta Atletico de Madrid, Reala edo Betisen aurretik. Valverderen taldeak, partidu bakarra galdu dau -Espanyolen aurka eta ganora barik- eta hirugarren dago gol gehien sartu daben taldeen zerrendan. Ganera, bilbotarrak onenetakoak dira aurkariaren atera jaurtitzeko orduan. Hori gitxi balitz, Unai Simonek bost gol bakarrik jaso dauz zortzi partidutan. Datu honeek guztiek garbi erakusten dabe Ernesto Valverderen taldeak hasiera bikaina emon deutsola denporaldiari.

Horrek ez dau esan gura, ostera, zer hobetu ez dagoanik. Valverderena talde erasokorra da, arrisku handiak hartzen dituena, eta egitura sendoa behar dau defenditzeko orduan. Izan be, atzealdean egindako huts egite batek pikutara bota leike erasoan egindako lan ona edo aldats gora ipini partidu bat hasieratik Sevillan jazo zan moduan. Valverdek argi erakutsi dau garbi daukala zein dan hamaikakorik onena. Atzealdeari jagokonez, De Marcos, Yeray eta Iñigo Martinez maila bikaina emoten dabilz, Vivianen lan ona ahaztu barik. Ezkerraldean, baina, entrenatzaileak Lekueren aldeko apostua egin behar izan dau Yuri Berchiche lesionaturik dagoalako. Deustukoa lan duina egiten badabil be, Athleticek gehiegi sufriduten dau ezker hegaletik. Zelai erdiari jagokonez, Vesgak titulartasuna galdu dau lesino arin baten ostean baina pentsa daiteke hasierako hamaikakora itzuliko dala Atletico de Madriden aurkako partiduan. Arabarra sasoian dago, hasi egin da jokalari lez eta asko emoten deutso taldeari. Erasoko jokoari jagokonez, ez dago zalantzarik. Sancet, Williams anaiak, Berenguer eta Muniain dira hautatuak, Herrera be ahaztu barik. Sancet bere dohaien barri emoten hasi da denporaldi honetan eta bere lana oso garrantzitsua da Valverderen hamaikakorako. Hori dala eta, erregularrago agertu behar da. Ezin da bikain ibili partidu baten eta ia desagertu hurrengoan, taldeak asko igarten dau-eta.

Partidu erakargarria bezain gatxa jokatuko dau Athleticek zapatuan San Mamesen. Zalantza barik esan daiteke denporaldi honetako azterketarik gatxena izango dala Atletico de Madriden aurkakoa. Aurkari gogorra izan arren, sinistu egiten dogu Valverderen taldea gauza dala garaipena eskuratzeko zaleriaren ezinbesteko laguntzeagaz. Hitzordu polita zapatukoa.