ATHLETICEK bide onetik jarraituten dau, haizea eta olatuak alde dituela. Popadan doa. Espanyolen aurkako “istripua”ren ostean Ernesto Valverderen taldeak garaipen bi kateatu dauz zazpi gol sartuta ganera eta sailkapeneko goialdean dago hamazor-tzi puntutik hamahiru eskuratuta. Denporaldi honetan behin baino gehiagotan esan doten moduan, Txingurriren taldeak ilusino handia biztu dau zaleen artean. De Marcos, Wiilliams anaiek, Berenguerrek, Muniainek, Sancet eta enparauek bedartzan egiten daben joko onak sortu dau ilusino hori. Zaleriak eta jokalariek konektau egin dabe alkarregaz. Liga txapelketea hasi baino ez da egin eta bide luzea dago egiteko. Egia da, bai, Valverderen taldeak ez dauela jokatu ligako aurkari indartsuenen aurka, baina ukaezina da baita zuri-gorriak uzta oparoa jasoten dabilzela sarritan oso desorosoak izaten diran aurkarien kontra.

Popadan

Futbolean jokatzeko modua pilo bat aldatu da azken urteetan. Nire uste apalean, entrenatzaile modernoek jokoa kuadrikulatu egin dabe, sormenari eta askatasunari muga larregi ipinita. Futbola, betiko futbola, baina, asmatuta dago aspalditik. Eta betiko futbol eder horretaz gozatzeko aukera ederra euki genduan zapatuan San Mamesen. Aitortu behar dot erdi hasarre joan nintzala Katedralera, lehoien partidua gaueko bederatzietan ipini izanak ez eustalako itxi zuzenean ikusten Bermeon jokatutako Eusko Label ligako estropada erabakigarria. Ganera, nire ernegua biztu egin zan Rayo aurreratu zanean zuri-gorrien hutsegite larri bat baliatuta. Handik gitxira, ostera, Athleticek eztanda egin eban eta erasoko jokorako daukan indar guztia erakusten hasi zan. Presino handia baloia lehenbailehen berreskuratzeko eta aurkariaren atetik ahalik eta hurren. Behin baloia oinetan, ziztu bizian jokatu aurkariaren aterantz. Valverderen gizonek benetako erakustaldia emon eben, lehen zatian batez be. Futbol bizia, azkarra, sakona –barrutik zein hegaletatik– eta eraginkorra, San Mamesek gustoko dauen betiko jokoa. Eskertu beharrekoa izan zan Andoni Iraolaren Rayo Vallecanok agertutako jarrerea. Madrildarrak futbolean jokatzera etorri ziran San Mamesera, erasoko jokoari lehentasuna emonda eta apostu horrek dakarzan arriskuak onartuta. Kontuak kontu, gol festa handia izan genduan domekan Katedralean. Azken baten, horixe da futbola. Izan be, bederatzi gol ikusi genduzan, horietariko lau balio barik geratu baziran be. Ze polita dan futbola lehiakide biek jokatzeko gogoa erakusten dabenean. Ganera, ez zan sarrera gogorrik egon eta inork ez eban denporarik galdu. Normala, aulkietan Valverde eta Iraola egonda.

Sei partidu jokatuko dauz Athleticek selekzinoen arteko munduko txapelketa jokatzeko Espainiako Ligan egongo dan etenaldiaren aurretik. Almeria, Atletico de Madrid eta Vila-real hartuko dauz San Mamesen eta Sevilla, Getafe eta Bartzelonaren zelaietan jokatuko dau. Konpromiso handiko partiduak guztiak. Zuri-gorriak baina, moralez beterik eta presino barik ekingo deutse horrei partiduei zorroa puntuz beterik daukiela. Zemendiaren 9rako jakingo dogu gitxi gora behera zein helburu lortzeko borrokan ibiliko dan Valverderen taldea denporaldi honetan. Hori bai, ezin dogu opariak egiten jarraitu. Athleticek ligako lehen sei partiduetan jaso dituen lau golak atzelarien huts egite larrien ondorioz etorri dira. Ezin dogu holan jarraitu. Popadan be balantzadak egoten dira.