Aspaldiko urteetako hasierarik onena emon deutso Athleticek 2022-23 denporaldiari. Etxeko partidu bietan sendo eta erasokor agertu ostean, Ernesto Valverderen taldeak maila bikaina erakutsi dau etxetik kanpoko lehen azterketan, aurkaria goitik behera menderatu eta hiru puntuak eskuratuta. Ganera, zuri-gorriek ez dabe gol bat bera be jaso Unai Simonen atean eta bost bider zulatu dabe aurkariaren atea. Beraz, ezin jako gehiago eskatu Txingurriren taldeari. Esan beharrik ez dago Liga txapelketea hasi baino ez dala egin, bai, baina hasiera on honek konfiantza handia emongo deutso taldeari datorrenari aurre egiteko. Ernesto Valverderen Athleticek ilusino handia sortu dau zaleen artean –hortxe dagoz Mallorca eta Valentziaren aurkako partiduetan Katedralean batutako ikusle kopuru handia edota Herreraren aurkezpenean izandako 2.500 zaleak– eta zelaian erakutsitako sendotasunak biderkatu egin dau ilusino hori.

Nuevo Mirandilla zelai gozoa da aspaldion Athleticeko jokalarientzat. Azken hiru denporaldietan zuri-gorriak irabazle izan dira Cadizen zelaian hamaika gol sartu eta bi bakarrik jasota. Valverdek partidu gatxa itxaroten eban aurkaria larri egoalako sailkapeneko zuloan punturik eskuratu barik. Egia esateko, orain arteko norgehiagokarik erosoena jokatu eban talde zuri-gorriak. Izan be, partidu osoan zehar etxeko taldeak behin bakarrik jaurti eban Unai Simonen atera eta ez eban korner bat bera be atara. Horrelakoetan galdera bat sortzen da beti: Zergatik izan zan hain eskasa Cadizen errendimendua? Sergio Gonzalezena talde makala dalako ala Athleticek ez eutsolako ezer egiten itxi. Seguruenik, gauza biak batera. Edozelan be, Ernesto Valverderen taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi eban Nuevo Mirandillan.

Athleticeko presidente, entrenatzaile eta kapitainak argi eta garbi esan dabe Europarako sailkatzea dala taldearen helburu nagusia denporaldi honetan. Eta sailkapeneko goialdean finkatu gura dauen taldeak oreka zuzena erakutsi behar dau erasoko eta defentsako jokoaren artean. Orain arte jokatutako hiru partiduetan aurkariek oso aukera gitxi sortu ditue Unai Simonen ate aurrean eta atezainak ez dau gol bat bera be jaso. Ganera, Iñigo Martinez, taldeko jokalaririk onena zelaian egon barik. Ez dakit noizko errekuperauko dan atzelari ondarrutarra baina Valverdek ez dau argudio sendorik izango Dani Vivian edo Yeray Alvarez hasierako hamaikakotik atarateko. Bata zein bestea ondo baino hobeto ibili da Mallorca, Valentzia eta Cadizen aurkako partiduetan.

Jokalariren bat nabarmendu behar badot beste guztien ganetik denporaldi hasiera honetan, Mikel Vesga da. Valverdek taldearen aginte makila emon deutso arabarrari eta berau bikain erantzuten jabilko entrenatzaileak beregan ipinitako konfiantzeari. Beste urte batzuetan baino ekarpen handiagoa eta hobea emoten deutso taldearen erasoko jokoari eta benetako hormea da aurkarientzat zelai erdian baloi piloa berreskuratuta ganera. Mikel Vesga da Athletic erakusten dabilen orekearen zutabe nagusia. Alboan daukan Oihan Sanceten errendimendu onak enau ezustekoan harrapau. Izan be, mutil hau oso jokalari ona da eta hondino ez dau bere onena emon. Erdilari naparrak pertsona egokia dauka aulkian jokalari moduan hasten jarraitzeko. Gauza bera esango neuke Nico Williamsen ganean. Honeri guztiari, Guruzeta, Berenguer eta Iñaki Williams golak sartzen hasi dirala gehitzen badeutsagu, badoguz, bai, itxaropentsu egoteko arrazoiak.