Osakidetzako ospitale batean sartzen zarenean, ez duzu hotel batera joatearen sentsazioa bilatzen, baina ezta ordainpeko zerbitzuen zerrenda ere. Hala ere, lehenengo egunetan konturatzen zara, telebista piztea ez dela hain erraza. Euskadiko ospitaleetan, geletako telebista-zerbitzua pribatua da, eta txartel bat erosi behar da ikusteko. Hamar edo hogei euroren truke, eta denbora mugatu baterako bakarrik. Osakidetza osasun arreta publiko, unibertsal eta kalitatezkoa emateaz arduratzen da eta guztion zergekin finantzatuta dago. Telebista ere publikoa da eta informazioa, entretenimendua eta konpainia eskaintzen ditu. Orduan, zergatik ordaindu behar dugu berriro? Are gehiago, zerbitzu hau pribatizatuta dago enpresa pribatu batek irabaziak atera ditzan. Hau da, instalazio publikoak erabiltzen dituzte negozioa egiteko gaixoen egonaldiaren kontura. Ironikoa da: ahulenak garenean, bezero bihurtzen gaituzte. Noiz arte egongo gara horrela? Amak kontatu dit duela urte dezente, ospitalizazio luzeetan, jendeak telebista txikiak eramaten zituela etxetik. Ez luxuagatik, aukera faltagatik baizik. Gaur egun badago telebista geletan, bai, baina baldintza berarekin: ordaindu edo isilik egon. Ospitale batean telebista ez da kapritxoa, bakardadetik, minetik, antsietatetik eta kezkaz une batez ihes egiteko leiho txiki bat baizik. Pantaila piztuta egoteak mina ahazten laguntzen du, eta hori ere zaintza publikoa da. Horregatik, galdera sinplea da: zerbitzu publikoa ala negozio pribatua?
- Multimedia
- Servicios
- Participación