Kaixo familia. Kaixo Edurne eta Xabier, Eguzkiñe nauzue, Edur zuen alaba txikiaren tutorea. Aurtengo ebaluazio txosten saiatua duzue begi bistan. Arretaz irakurri mesedez. Gezurra dirudi denbora ze abiaduran pasatzen den. Niri behintzat ziztu bizian pasatu zait ikasturte hau. Gezurra dirudi bai. Aurten “Gaztaina” gelan oso gustura egon naiz. Uste dut asko eman diedala nire ikasle guztiei, saiatu naiz behintzat, baina jakin ezazue beraiengatik gehiago jaso dudala. Maite dut Adur, eta beste guztiak. Eskerrak ere eman beharrean nago zeren guraso arduratsuekin elkarlanean aritzea oso aberatsa baita.
Edurren garapen pertsonala, soziala eta motoreari buruz honoko hauxe adierazi nahi dizuet: Ikasturte honetan aurrekoan bezala Edurren garapena arlo guztietan oso nabaria izan da. Arlo sozialari dagokionez lehenengo hiruhilekoan besteen ondoan jolasten jarraitzen zuen batez ere eraikuntza gunean. Oso ondo arrazoitzen zuen zergatia, ez baitzuen nahi berak zituen piezak besteek kentzerik, hau da, proiektu berean besteekin kolaboratzeko ez zegoen prest. Eguneroko beste momentu batzuetan erakusten zuen lagunartean jolasten oso gustura zebilela, jolas garaian esate baterako, baita psikogelan.
Edur gelakide sentitu da eta besteek ere oso kontuan izaten zuten. Horren harira, Alaznek lan handia egin du Edur haiekin jolas zezan. Oso modu naturalean taldera eta jolasera bultzatuz. Bigarren hiruhilekoan jolas momentuetan Edur neska talde batean guztiz murgildurik ibili da. Alazne eta biak binkulo polita eraiki dute. Alaznek, protagonismoa ere eman izan dio. Bigarren hiruhilekoan festen ospakizunak direla eta Edurrek gaizki pasa du. Ez du bat ere gustuko jende-aurrean zerbait egitea. Entsaioetan disfrutatu du, baina festa egunean ez. Halere bertan mantendu da nahiz eta amarengana joateko baimena izan. Hirugarren hiruhileko motz honetan bigarrengoaren antzera aritu da Edur, jolastu eta jolastu lagun taldean murgildurik. Baina honetan ere jende aurreko ospakizuna izan dugu eta nahiz eta entsaioetan disfrutatu, eguna iritsitakoan ezin. Edur oso esanekoa da, helduak esaten duena ez du zalantzan jartzen.
Hala ere, konfiantza hartzen joan den heinean zenbaitetan mugak bilatzen ibili da. Besteekin jokatzen du bera den bezala. Edur onartua dago gelan. Estima handitan dute guztiek. Egia esan Edur maitagarria eta maitekorra da. Beraz garapena honetan ere oso nabaria da, epe oso laburrean gainera. Bigarren hiruhilekotik aurrera Edurri asko gustatzen ez zaidan joera bat erakutsi digu, hau da, “plan”en bat baldin badu (Hondarribiko hondartzara joatea adibidez) eskolara etorri eta hori esango dizu behin eta berriro, berarengana gerturatzen garen bakoitzean berriz hori esango digu, batzuetan jolastera joan nahi ez eta guzti ibili da kontu hori buruan bueltaka zuelako. Joera hori moztu nahi izan dut, esan didala, badakidala eta horrekin ez jarraitzeko esanez.
Motore aldetik bere mugimenduetan geroz eta kontrol handiagoa nabaritzen da. Motrizitate finari dagokionez, kosta egin zaio margoak modu egokian heltzea, oso goitik hartzen zituen, pintza egitean eta guraize gisa egoki heltzean, baina azkenaldian garapena antzeman diot. Plastika gunean aritzea gustatzen zaio, baina margotzen baino gehiago gauzak sortzen hobe, papera hartu eta nolabaiteko forma eman eta gometsekin ixten.
Komunikazioa eta adierazpenari dagokionez, hauxe adierazi nahi dizuet: Uda ondoren Edur eskolara euskaraz etorri zen, oso garbi hitz egiten, esaldiak ondo estrukturatuz. Edur parte hartzailea da, eta gaitasunarekin ikusten zenez, bere parte hartzea ia etengabekoa izan da. Bigarren hiruhilekoan asanbladatan bigarren plano batean gelditzen joan zen, parte hartzaile izaten jarraitu zuen, baina gutxiago entzuten zitzaion. Bera ere kontziente zen gelako giroan ez zela erraza hitz egitea. Batzuetan kosta egiten zitzaidan esaten zuena entzutea, batetik gelako burrunba zela eta, eta bestetik, ahoa ia mugitu gabe hitz egiten zuelako. Hirugarren hiruhileko honetan aurrekoan bezala jarraitu du, parte hartzera animatu behar izaten dut. Garapena dela eta: arlo honetan ere aurrera egiten ari da. Galderak egiten ditu baimena eskatuz, zer nahi duen eta zer ez adierazten, lagunei mugak jartzen dizkie, lehen ez bezala.
Hauxe da guztia familia, uste dut kontatu dizkizuedala esan beharreko garrantzitsuenak. Halere zerbait argitu edo sakondu nahiko bazenute badakizue nola jarri harremanetan nirekin lasaitasun guztiarekin. Edurne eta Xabier izan ondo eta uda ona pasa. Pozik nago hurrengo urtean ere, ostera, elkarrekin arituko garela eta: datorren ikasturtean ere ikusi ahal izango dut Edur koskortzen eta abestiak esaten duen bezala “handitzen handitzen”. Zaindu eta maitatu “nire” Edur. Hurrengo arte adiskideok. Eguzkiñe, Edurren tutorea.
Oharra: Eman goraintziak nire partez, ez ahaztu mesedez, Edurren den amona Patro, aitona Joxeiñazio eta bereziki hain jatorra duen izeba hain prestu, pixkor eta gazteari, uste dut, ez nago oso ziur, izena duela Yolanda.