Une batez atzera begiratu nahi dut, 1977ko irailaren 25era. Egun horretan gutako askok ezagututako lehen Alderdi Eguna gertatu zen Aralar-eko San Migelen. Inor gutxik uste zuen halako jendetza, poz, bihotz-taupada pilak bertan topo egingo zutenik. Ardanza Urtiaga familia ere hantxe zen, senide eta lagunekin batera. Nagore-k eta Aitor-ek gogoan dute artile lakarrez egindako kaikuak jantzita joan zirela. Baita auto ilada luze-luzeak suertatu zitzaizkiela bidean eta jendea oso pozik zegoela. Nagore-k eta Aitor-ek ez zekiten, gurasoek ere ez, handik bi urtera, 1979garrenean, aita Arrasateko alkate izateko aukeratua izango zenik. Ez zekiten 1983an Gipuzkoako diputatu nagusi izendatuko zutenik. Are gutxiago 1985ean Lehendakaritza bere gain hartu beharko zuenik ere.

José Antonio Ardanza aurrez-aurre lehenengo aldiz, 1983ko abuztuan ikusi ahal izan nuen. Artean Gipuzkoako diputatu nagusi kargua hartu berria zuen. Abuztu horretako uholde haundiek lurraldean eragindako hondamendi ikaragarriak bertatik bertara ezagutu eta kaltetuekin hitz egitea joan zen herriz herri. Ormaiztegira ere etorri zelako ikusi nuen nik gertutik, baina ez nuen agurtu. Ez nenkien, ez da berak ere, handik bi urtera Lehendakaritzako lan talderako deitu eta baietz esango nionik Hizkuntza Politikarako arduradun izateko, maila horretako kargudunen artean aurrenengo emakumea. Hamalau urtez jardun nintzen bere esanetara, garaian garaiko ardurak hartuz, aitortu zidan konfidantzari leial erantzuten saiatuz. Garai malkartsuak izan ziren, baina Ardanzak eskaini zidan aukerak eta nigan ipini zuen konfidantzak sekula amestu gabeko bidea urratzeko aukera ekarri zidaten.

Ajuaria Enean lehen aldiz sartu nintzenean, Lehendakaria ikusten nuen nik aurrean, baita ondoren etorritako aldi luzean ere. Gerora joan nintzen Lehendakariak bere baitan zuen gizonaren nortasuna ezagutzen. Larre motzean hazitako gizona antzeman nuen, egonarri handikoa, kristau sinismenean hezitakoa, langilea, inprobisazioa onartzen ez zuena. Arazoak, kezkak, iradokizunak…guztia hausnartzen zuena. Zenbat berbaldi ingurukoekin eta baita arrotzekin ere. Oso gogoko zituen lagunarteko solasaldiak eta konfidantzazko giroan hitza hartzea. Inoiz edo behin Mari Glorik esana zion: “Asko ari zara luzatzen, gizona”. Ardanza lehendakariaren inguruan izateak balio sakoneko hausnarketa, iritzi eta mezuak jasotzeko egokiera eskaini digu.

Aipatutako hamalau urte horietan era guztietako gertaerak bizi izan nituen. Badira tartean ezin ahaztuzko uneak. 1989ko urte zahar egunean Don Jose Migel Barandiaranek 100 urte bete behar zituen. Omenaldi handia, errespetoz eta maitasunez josia, prestatua zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ataungo udalak Eusko Ikaskuntzarekin batera. Egun batzuk lehenago lehendakariak hots egin zidan Don Jose Migel ikustera joan nahi zuela esanez eta lagun egiteko eskatuz. Izendatutako egunean Ataungo San Gregorioko Sara etxera iritsi ginen Pilar Barandiaran hilobarekin adostutako orduan. Hantxe, etxe-atarian, osaba eta hiloba gure zai. Don Jose Migel-ek buruan eraman ohi zuen txapela erantzita lehendakariari: “Ohore haundia da berorri gure etxera etortzea”. Barrura sartu eta Barandiaranek lanerako eta bisitariei harrera egiteko zuen gela nagusi hartara eraman gintuen eta lehendakariari mahaiburua eskaini zion, bere betiko lekua. “Lehendakari jauna, eseri bedi hemen”. Lehendakariak: “Ez, Don Jose Migel, berorri hor eta ni berorren alboan”, eta eskubiko aldean eseri zen. Niretzako errespeto, gizalege, duintasunez betetako gertakaria izan zen hura bien aldetik. Bakarren batek agian huskeriatzat jo lezake. Ez dut nik horrelakorik uste.

José Antonio Ardanza gizon serioa eta zorrotza bazen, baina ez tristea. Lagunak etxean hartzea oso gogoko izan zuen beti, Mari Glori sukaldari iaio eta bera “pintxe” saiatu. Bizitzako azken txanpan, Mari Glori beti Aingeru Guardako. Alboan etxeko guztiak eta azken urteotako laguntzaile leialak, baita lagun zaharrak ere. Emaztea eta seme-alabei esana zien hileta elizkizuna Elorrion nahi zuela, eta Donostiko Orfeoiak bertan Aita Madinaren “Aita gurea” abestea.

Gatozen “Alderdi Egunera”. 1977an Aralar-en izan ziren ume haiek Forondan dira euren ondorengoekin. Katea ez da eten. Gure buru-bihotzetan daramagu Euskadi bihotzean zuen gizon handi hura.

* Ardanza Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako Idazkari Nagusia, Kultur Sailburua eta Bozeramailea