HOGEITA bost urte bete dira Ermuko zinegotzia zen Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zutela… Hogeita bost urte ankerkeria hartatik, hiru egunez gizartearen sentimenduak astindu zirenetik. Ez zen ibilbide bidegabe baten lehenengo gertaera, ez eta azkena ere, baina krudelkeriak goia jo eta gizatasunik eza horren nabarmen laga zuen ezen mugarri bilakatu baitzen.

ETAk bazekien zinegotzi gaztea aske uzteko jarritako baldintza ezin bete zitekeenik.

Era berean, Espainiako gobernuak ere ez zeukan inolako keinurik egiteko asmorik, irmotasuna baitzen nonahi eta nolanahi azpimarratu nahi zuen mezua, ondorioak gorabehera. Harrezkero, mende laurdena igaro da, solaskideak zertxobait aldatu dira… eta gertaera hits hura gogoan izateko balio behar zuena sestrarako kontu bilakatu da, bigarren mailan utzi beharreko protagonismoa lehenetsi baita gogorarazi beharrekoa lehen planora ekarri beharrean.

Egun, hamarkadetako ibilbidearen irakurketa kritikoa eta autokritikoa giza ikuspegitik egiteko zailtasunak dituztenak, hura saihesteko asmoz, etenik gabe esaten ari dira biktimak ez direla nahierara erabili behar… Nago halako adierazpenak amarrua besterik ez direla, gizartearen gehiengoaren aspaldiko galderei izkina egiteko. Zer ekarri du indarkeriaren erabilerak? Zein onura egin digu? Zein da giro hori hauspotu eta babestu zutenek gizartearen aurrean hartzen duten banako eta taldeko erantzukizuna? Galdera horiei erantzuteak berebiziko garrantzia daukaerreparazioaren ikusmoldetik, ez aldi hori bizi izan zutenei begira bakarrik, belaunaldi berriei begira ere bai, sufrimendua, bizi-proiektuak ezerezean lagatzea, familiak hondatzea, ondasunak birrintzea… ezer onik eraikitzeko gauza izan ez dena lausotu, arindu, saihestu, aldrebestu edota alfonbrapean ezkutatu ez dadin.

Iraganarekiko kontuak, zorrak, behar ditugu ganoraz itxi, bizikidetzak, hurkoarekiko errespetuak, askotarikoa den gizarte honek bidea egin dezan, oroimena delarik etorkizun are hobea eraikitzeko sendabelar. l