OST urte egin berri ditu Tzeniak. Ukrainatik ekarri zuten Euskal Herrira duela bi hilabete. Berak ez daki azaltzen zergatik dagoen gure artean. Bere amak eta amumak ostera badute euren herritik atera duten zorigaiztoaren berri.

Etorri eta laister hasi da Tzenia eskolara. Bere etorrera sekulako gertaera bitxia izan da gela-lagunentzat. “Aume, Tzenia deitzen da baina ez da Tzenia idazten, beste letra batzukin egiten da. Aitak erakutsi zidan ukraineraz bat-bi-hiru esaten eta berari ondo esan dizkiot. Hatzamarra altxa eta buruarekin baietz esan du. Bihar Madariaga Dorrera txangoa daukagu eta andereñoak esan dit Tzeniari eskutik oratuta joateko. Tzeniak badaki euskaraz zenbakiak kontatzen”.

Pozik dabil Tzenia bere antzeko haur sopeloztarren artean. Andereñoak dio euskaraz azaltzen diona ulertzen duela. Hitz egiten ere hasi omen da. Etxean duen giro euskaldunak eragin handia, noski.

Duela pare bat aste gertatu zen. Ikasgelako haur batek 5 urte bete ditu eta larunbat horretan haur talde eder bat bildu da ospakizunera. Gozokiak, jolasak, opariak, .... eta ailegatu da abesteko unea. Zorionak zuriiiii, ...... Tzeniak polito abestu du zorion-agur osoa. Ez ostera 5 urte ospatzen ari zen umearen gurasoek. Bertan zeuden senitarteko batzuek ere ez ziren izan gai abestia amaitzeko.

Zerk egin digu huts euskaraz ikasten dabiltzan haurren hainbat guraso euskararengandik hain urrun bizitzeko? Zergatik D eredura doan umeari irakurtzen lagundu nahi dion aitak etxe bat irudikatu eta CASA jartzen dio azpian irakurgai? Itaunon atzean dagoen euskararekiko distantzia ikaragarria da, siderala. Etorkizunari begira, kezkagarria.

Ikasle txikienen gogo-begietan etxea eta eskola elkarren jarraipenekoak dira eta ezin da kontraesanik egon batzukin eta besteekin bizi dutenaren artean. Beraz, ezinbestekoa eta urjentea da gurasoen eta irakasleen arteko harreman eraginkorra. Itxura hutsezkoa gainditu eta batzuen eta besteen lana eraginkorra eta emankorra behar dugu. Hala bedi.