Estropada onak Sanxenxon. Lemazaina etorri zaie eta txaloka eta bibaka hartu dute. Batzuk orain konturatu dira zein mingarri eta iraingarri diren gaizkileei egindako ongi etorri publikoak. Elkarte pribatu batean egitea asko zuten, baina horrelako ongi etorri bat antolatzen duenak, onartzen duenak bezala, pertsonari egindako harreraz haragoko zerbait bilatzen du: gizartearen begietan gaizkile bihurtu duen aktibitatearen zuriketa publikoa.

Elhuyar Hiztegiak lau izenondo proposatzen ditu gaztelaniazko "campechano" euskaraz esateko: mazal, apatz, xalo eta laño. "Bribón" esateko, lehen adieran alferrontzi, arlote, pikaro eta mandil. Bigarrenean bilau, zital eta doilor. Hurbiltzen ari gara.

Auzo-herriko errege zaharra herrenka erretiratu da lotara, erortzeko ufako bat aski duke. Alabaina, hark irudikatzen duen gaizkile-jardunbideak ez du amiltzeko arriskurik; Sanxenxoko ongi etorriak beste bi makulu eman dizkio. l