Osasunaren aurkakoa derbi deskafeinatua izan zan, Jagoba Arrasateren jokalariak arratsalde-pasa zelairatu ziralako San Mamesen. Zuri-gorriek sakatu egin eben lehen zatian zaleriak bultzatuta baina ez eben saririk jaso korner baten plantilako jokalaririk txikienetakoak buruz baloia sareetara bialdu eban arte. Atsedenaldian Osasunako entrenatzaileak ukabilkadea jo eban mahaian bere taldearen jokoa aldatzeko asmoagaz. "Lehen zatian baino txarrago jokatzea ezinezkoa zan" esan eban berriatuarrak partidu osteko prentsaurrekoan. Nafarren susperraldiak agirian itxi ebazan zuri-gorrien gabeziak eta Marcelinok zelai erdiko jokalariak aldatzea erabagi eban. Egia esateko, Dani Garcia eta Vencedor desagertuta egon ziran Osasunaren aurkako partiduan. Asier Villalibrek sartutako golak nasaitasuna eroan eban Katedralera. Ganera, La Ceramica estadiotik etozen albisteak ezin hobeagoak ziran zuri-gorrien-tzat, Realak irauli egin ebalako markagailua.

Azken jardunaldira begiratua, Europarako txartela eskuratzea ez dago zuri-gorrien eskuetan bakarrik. Vila-realek Nou Campen irabazten badau Athletic Conference Liguetik kanpo geratuko litzateke. Baldintza normaletan, lojikoena litzateke Unai Emeryren taldeak galtzea Bartzelonaren zelaian. Xaviren taldeak, baina, ez dauka ezer jokoan sailkapenera begira. Hori bai, blaugranen denporaldia oso gogorra izan da eta azken partiduan etxean galtzea ez litzateke modurik onena urteari agur esateko. Zuri-gorriek ezin dabe galdu Sanchez Pizjuanen. Estatistikeak dino Sevillaren zelaia ez dala bape erosoa Athleticentzat. Hirurogeta hamazazpi bider jokatu dabe bertan eta hamaika garaipen baino ez dabez lortu. Azken hogeta lau denporaldietan, bitan baino ez dabe irabazi. Hori bai, azkena, aurreko denporaldian, Williamsek azken minutuan sartutako golari esker.

Nico Williams, Raul Garcia eta Oihan Sancet barik ekingo deutso Marcelinok denporaldiko azken partiduari. Baja garrantzitsuak dira eta hirurak erasoko egituran. Gauzak holan, Asier Villalibreren ordua izan daiteke. Gernikarrak gola sartu eban aspaldiko partez eta lan txukuna egin eban Osasunaren aurkako partiduan. Zelai erdian, barriz, ondo pentsau behar dau Marcelinok nor zelairatu, Dani Garcia eta Vencedor makal dabilz-eta.

Hasi da Athleticeko presidente izateko lasterketa. Irabazten dauenak irabazten dauela, garbi dago aldaketak egongo dirala klubean, lehen taldeetan zein Lezaman. Ez da sasoi gozoa harrobiko taldeetan dagozan jokalarientzako. Izan be, hondino ez dakie datorren urtean Athleticen harrobian jarraituko daben ala ez. Aste gogorrak izaten dira erabagiaren barri jaso artekoak. Besarkada bat guztientzako. Futbola ez da Lezaman amaituten. l