Garaipen garrantzitsua bezain erosoa eskuratu dau Athleticek Elx taldearen aurka. Marcelinoren taldearentzat ezinbestekoa zan hiru puntuak eskuratzea datorren denboraldian Europa mailan jokatzeko itxaropenari eutsi ahal izateko. Are gehiago, aurreko jardunaldian Getaferen aurka puntu bi galdu ostean. Zuri-gorriek argi eta garbi erakutsi dabe hondino badaukiela zeresanik aurtengo liga txapelketan eta ez dabela amore emongo azken partidura arte. Hori bai, domekan be agirian geratu ziran talde honek aurkariaren atea zulatzeko dituen arazoak. Halanda be, hiru puntuek ez eben ihes egin, besteak beste, zuri-gorriak oso sendo ibili ziralako defen ditzeko orduan. Liga txapelketea amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, hogeta hamar jokatu ostean, Athleticek bizirik ditu Europarako sailkatzeko aukerak. Ez da gitxi.

Athleticek hamargarren postuan amaitu eban aurreko denboraldian eta liga txapelketearen azken txanpea tristea izan zan taldeak ez ebalako euki aukerarik Europarako postuak eskuratzeko borrokan sartzeko be. Hori guztia, Reala eta Bar-tzelonaren aurkako Kopako final biak galdu ostean, eta era mingarrian galduta ganera. Aurten ez dogu horrelakorik behar. Europarako sailkatzea ez da erreza izango, Athletic atzetik datorrelako eta aurkariak oso gogorrak diralako. Edozelan be, helburu horren atzetik lehiatu behar dira azken jardunaldira arte. Kontrakoa gerta-tzea, hau da, aukera barik iristeak azken partiduetara, kaltea baino ez leuke ekarriko talde zuri-gorrira. Ez daigun ahaztu presidentea barria aukeratzeko deialdia dagoala ekainean eta hautagaien arteko borrokek, gehienetan behintzat, ez dabe ezer onik ekarten klubarentzat.

Marcelinok ez daki zenbat partidu geratzen diran liga txapelketea amaitzeko eta zenbat puntura dituen bere taldeak Europarako sailkatzeko postuak. Athleticeko entrenatzaileak behin eta barriro errepikatzen dau hurrengo partidua irabaztea baino ez daukala buruan. Asturiarrak garbi dauka zein dan bidea garaipenak eskuratzeko eta bere betiko blokearen aldeko apostua berretsi egiten dau domeka guztietan. Hau da, lesinoek edo zigorrek behartutako aldaketak baino ez dauz egiten hasierako hamaikakoan. Iñigo Martinez, Yeray eta Dani Garcia barik ekin eutson Athleticek Elx taldearen aurkako partiduari eta egia esateko zuri-gorriak aurkariaren ganetik pasau ziran. Unai Simonek ez eban ia lanik izan partidu guztian eta aurrelariek gol aukera ugari eta garbiak huts egin ebezan aurkariaren ate aurrean. Betiko kontua gitxi gora behera. Eta zuri-gorriek golak sartzeko daukiezan arazoen harira, oso albiste pozgarria da Asier Villalibrek denboraldiko lehen gola sartu izana. Ez da Van Basten izango baina jokalari baliagarria eta baliotsua da Athleticen-tzat. Nabarmentzekoa baita, Oihan Sancetek egindako lan bikaina, Williamsek, Muniainek, Vencedorrek eta Berenguerrek ondo lagunduta. Oier Zarraga dago txanponaren beste aldean. Getxoztarrak gero eta gitxiago jokatzen dau eta Petxarromanek aurrea hartu deutso zelai erdian jokatzeko lehian.

Ezin amaitu Amorebietak lortutako garaipen bikaina nabarmendu barik. Urdinek ez dabe amore emoten eta liga txapelketea amaitzeko zortzi jardunaldi geratzen diranean sei puntura ditue maileari eusteko postuak. Ametsa egia bihurtzea eskura daukie zornotzarrek.