Niri, ostera, arrotzak egiten zaizkit komunikabideetan ikusten ditudan irudiak. Gizonak dira gerran ari direnak; gizonak dira elkarrizketetan eta negoziaketetan agertzen direnak; gizonak komunikabideetan aurpegia ematen dutenak; gizonak dira erabakitzen dutenak; gizonak botoi gorria sakatzen dutenak... Eta erabaki dute gerra egitea, "bizitzaren gainetik dagoena kontsideratuz". Ezin onartuzkoa zait, gizona, bizitzaren gainetik dagoena kontsideratzeko ahaleginean irudikatzea. Bizitzaren gainetik dagoenaz erabakiak nola hartu ahal duen asmatzea, berak bizitzarik sortu ezin duelarik. Nola agindu dezakeen bizitza sortzen duenaren gainetik. Nola agindu diezaiokeen bizitza sortzen duenari zer egin behar duen. Nola agindu diezaiokeen bizitza sortzen duenari, sortu duen hori zaintzea dela bere egitekoa, iraunbizitzea, bihar edo etzi, iraunbiziko duten horien artetik gailentzeko eta, berriro, berriz ere agintean egongo direnentzako herri bat osatzeko.

Arrotza zait gizonaren ausardia neurrigabea.

Ez dago emakumerik, seme-alabak gerrarako munduratu dituenik. Ez semeak beste seme batzuen aurka aritzeko, eta beren herria eraikitzeko egin duten lan guztia alferrikoa izan dela egiaztatzeko; eta are gutxiago alabak, beren herria eraikitzeko egin duten lan guztiarekin, alaba horrek menpeko izaten jarraituko duela ikusteko.

Horregatik zaizkit arrotzak Ukrainako gerran gizonak bakarrik agertzen diren irudiak. Emakumeok, munduaren erdia, alegia, ez gaudelako han, bizitzaren gainetik dagoena kontsideratzeko ez direla inor salatzeko.