San Mames benetako gotorleku bilakatu da 2022 urtean. Bost partidu jokatu ditue zuri-gorriek etxean eta lau irabazi eta bat bardindu dabe. Bartzelona, Real Madrid, Espanyol eta Realak galdu egin dabe Katedralean eta Valentziak bakarrik lortu dau galtzaile ez urtetea. Eta emaitza bikain honeek aurkariari eusteko orduan erakutsitako sendotasunean daukie oinarria. Mallorcako desastrearen ostean, Marcelinoren taldeak lehiakortasuna berreskuratu dau San Mameseko zaleriaren berotasun eta babesagaz. Egia esateko eta behin baino gehiagotan esan dogun lez, oso gatxa da ulertzen zelan aldatu daiteken horrenbeste talde bat aste beteren barruan.

Domekan jokatutako euskal derbiaren lehen zatia ikusita, Sevillan jokatu eta galdutako kopako finala etorri jatan gogora. Orduan be, ez genduan joko onik ikusi eta penalti batek emon eutsan lehiakide bateri markagailuan aurreratu eta kopea irabazteko aukerea. Orduan, baina, Realak sartu egin eban penaltia eta domekan Remirok geratu egin eban Muniainen jaurtiketea. Neure lagun batek dinoen moduan, azkenaldian ikusitakoa ikusita, Iñigo Martinezek jaurti beharko leukez penaltiak. Eta Athleticek ondo egingo leuke ondarrutarraren etorkizuna lehenbailehen lotzeko ahaleginari ekiten badeutso. Martinezen kontratua datorren urteko ekainean amaitzen da eta Txapeldunen Ligako edozein taldek gustura hartuko leuke, are gehiago libre iritsiko balitz.

Imanolen taldeak ez eban ezer proposatzen bedartzan baina Athleticek ez eban aurkitzen aurkariaren aterako bidea. Zorionez, dana aldatu zan bigarren zatian eta Oihan Sanceten zelairatzeak zerikusi zuzena euki eban zuri-gorrien susperraldian. Nafarrak apurtu egin eban aurkariak ipinitako hesia eta aberastu egin eban bere taldearen erasoko jokoa. Hori gitxi balitz, partidua erabagita itxi eban gola sartu eban. Sancet jokalari berezia da, oso ona, eta garrantzi handia eukiko dau Athleticen etorkizunean.