Mallorcakoa ez da inoiz nire gustoko zelaia izan. Athleticek bertan jokatu behar dauen bakotxean, Luis Fernandez entrenatzaile zala zuri-gorriek praka berdeekaz jokatuta 6-1 galdu eben partidua etorten jat burura. Egia da, orduko Mallorca egungoa baino askoz indartsuagoa zala. Urte asko igaro dira ordutik, hogeta bi hain zuzen be, eta Athleticek beste kolpe mingarri bat jaso dau zelai berean. Beste alde batetik, asteleheneko partiduak ez eukan itxura onik, aurreko estadistika guztiak zuri-gorrien aldekoak ziralako. Athletic partidurik galdu barik egoan ligan 2022an eta etxetik kanpo lehia bakarra galduta eukan denboraldia hasi zanetik. Beraz, baikor egoteko arrazoiak geunkazan. Ganera, Vivian hasierako hamaikakoan egonda, Marcelinoren taldea partidurik galdu barik egoan. Gauza bera gertatzen zan elastiko berdeagaz jokatutako jardunaldietan. Horrelakoetan sarritan jasoten dan legez, estadistika positibo guztiak ezerezean geratu ziran.

Athleticeko entrenatzaileak irabazi egin gura eban Mallorcaren zelaian, hiru puntuak eskuratuta zuri-gorriak inoiz baino gorago jarriko ziralako sailkapenean. Helburu horregaz, ez eban aldaketa handiegirik egin hasierako hamaikakoan eta, ustez behintzat, bloke sendoa zelairatu eban Mallorcan. Bartzelona eta Real Madriden aurkako kopako partiduen osteko Rayo Vallecano eta Espanyolen norgehiagoketan baino aldaketa gitxiago egin ebazan asturiarrak. Zelaian ikusitakoaren arabera, baina, inork uste baino txarragoa izan zan hamaikakoaren errendimendua. Raul Garcia, Dani Garcia edota Muniain bezalako jokalari esperientziadunak zelaian egon arren, Athletic ez zan lehiatzeko gauza be izan bigarren mailara ez jaisteko ahaleginetan dabilen taldearen aurka. Ontzi zuri-gorria hondoratzen hasi zan atzeko aldetik ura parra-parra sartzen zalako. Iñigo Martinezen hutsuneak zulo handiegia zabaldu eban Athleticen atzeko aldean eta sendotasuna galduta, taldeak lehiakortasun guztia galdu eban. Kaiserraren itzala oso luzea da.

Partidu gogorrak jatorkoz Marcelinoren koadrilari. Izan be, Reala, Bartzelona eta Valentziaren aurka jokatuko dabe hurrengo hamabost egunetan. Kontua da, Mallorcan gertatutakoa ikusita, taldearen ganeko zalantzak ugaritu egin dirala, zuri-gorrien sendotasunak arrakalak dituela ikusi dogulako. Ez da une onean etorri Mallorcako partidu negargarria. Izan be, Athleticek denboraldiko lehiarik garrantzitsuena jokatuko dauelako hamabost egun barru Mestallako infernuan. Honelakoetan esaten dan lez, itxaron daigun azken partiduan gertatutakoa behin-behineko istripua izatea.