SPATU berria da, duela egun batzuk, Migratzailearen Eguna, zeinak begien bistara atera baitigu, beste behin ere, migrazioaren errealitate odoltsu bezain ikaragarria. Hainbat ertz eta aurpegi ditu arazo horrek, nahiz eta, ia beti, auziaren izaera politikoa eta estrukturala nabarmentzen diren. Baina badira, horiez gainera, zifren eta nazioarteko analisien azpian disimuluan pasatzen diren beste batzuk ere: erdi lausotuak geratzen diren giza drama erdiragarriez ari gara.

- Kasik albiste izaera galdu dute Europara edo beste herrialde amestu batzuetara iristeko ahaleginetan porrot egiten duten pertsona oldeek (gizon, emakume eta haur), bidean bizi- tza tragikoki galdurik edo egoera etsigarrian geratzen direnean. Poloniako eta Mediterraneoko (askotan, tamalez, Mare Mortum) mugak urrun geratzen zaizkigu, baina Bidasoa, aldiz, oso hurbil dugu. Auziak ez du konponbide erraza, baina borondate politiko argirik ez egoteak are zailago egiten du.

Europar Batasunak, bere emigrazio-politiken bidez eta asilo-eskubideak gorabehera, salbuespen urri batzuk kenduta, mugetako kontrol errepresiboak bultzatu baizik ez du egiten; begiak itxi eta entzungor egiten die pasoko herrialdeetan egunero gertatzen diren eskubide-urraketa ugariei.

Ohitu egin gara horrelakoak ikustera. Batzuentzat gertakari saihetsezinak eta gogaikarriak dira; beste batzuentzat, elkartasunezko limosna emateko unea da, baina besterik gabe. Berehala gera- tzen da dena ahantzita. Axolagabetasunak ere hiltzen du.

Horrelako tragediak, errepikatu arren, ezin dira normaltzat hartu. Nor da gure anai-arreba horien odolaren erantzule? "Inor ez", erantzuten da. "Nik ez dut horrekin zerikusirik, beste batzuen ardura da, izatekotan". Erantzukizuna eta elkartasuna falta dira gure artean. Arazo zail honi konponbidea ematea, gutako bakoitzaren erantzukizuna ere bada. Guztiok dugu elkar zaintzeko obligazioa, eta, justizian oinarritutako bizikidetza lortu nahi badugu, Kaini egindako galdera hura guri egindakotzat hartu behar genuke: "non da zure anaia?"

Inork ez du arriskatzen bere bizia eta urteetako lanari esker bildutako aurrezki eskasak, kapritxoz. Bere herria eta etxekoak uztearen tragediari, helmugara iristeko dituen zailtasun ikaragarriak gehitzen zaizkio. Kasu askotan ez dute lortzen, bidean ito edo gaixotu egiten dira, edota atxilotu eta barneratze-zentroetan sartzen dituzte.

- Asko dira drama honen zergatiak: herrialdeen arteko —edo herrialde barruko— gerrak eta liskarrak, hondamendi naturalak, genozidio toleratuak, eta abar, baina, batez ere, muturreko pobrezia. Hori da, azken batean, arrazoi nagusia, eta milioika pertsona behartzen ditu beren jaioterritik alde egitera, han aurkitu ezin duten etorkizun baten bila.

Migrazioa porrotaren fruitu da: porrot sozial, politiko eta ekonomikoaren emaitza. Pobrezia, lan prekarioa, gosea kentzen ez duten soldatak; larritasun eta bakardade egoerak, esplotazio-sistema patriarkala... horiek guztiek behartzen dituzte beren ingurunetik irtetera.

Bidegabekeria horiek guztiak salatzeak, edonola ere, ez lizkiguke estali behar guregandik oso hurbil ditugun egoerak: etorkin gehienek lan prekarioak eta soldata eskasak dituzte. Era berean, ahalegin bat eskatu behar zaie, gizartean txerta daitezen eta harrera egin dien lurraldeko balioak onar ditzaten. * Etiker dira Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta José María Muñoa