Belaunaldi ezberdinen arteko talka erakusten du Netflix plataforman ikusgai dagoen The Chair telesailak. Horretan, Estatu Batuetako unibertsitate entzutetsu bateko fakultateko zuzendari bati iraganaren eta etorkizunaren arteko oreka bilatzeko erronka egokitzen zaio, aro analogikotik digitalerako trantsizioa baketsua izan dadin. “Informazioa eskuratzeko aukera mugagabea dugu, baina non aurki dezakegu jakinduria?”, galdetzen du, zuhur, erretirotik hurbil dagoen irakasleetako batek. Tentuz jarraitzen diguten irakurleek nabarituko zuten azken hilabeotan hainbat sinadura desagertu direla egunkari honetatik. Adinean zaharrenak zirenak, esperientzian aberatsenak. Kazetaritza kasik artisautsazko zeregina zenean hasitako horiengandik ikasteko zortea izan duten azkenengo peoiok buru-belarri jarraitu izan dugu haien gidaritza. Batez ere egunotan, Ali Smith idazleak dioen bezala, albisteek amildegian behera korrika doan artaldea antzekotzen duten jario etenezina diruditenean. Itsasargi izan ditugun mentore horiek argitu dizkigute Googlek nekez eskainiko dizkigun irizpideak. Murrizketen erretorika inplizituak dio murrizten dena inoiz ez dela beharrezkoa izan, baina logika horretan sartzen diren clickbait edukiek lanbidea zintzotasunez praktikara eramateaz ezer gutxi dakite. Ogibidearen garai aldakor eta estu hauetan egokitu zaigu ekinean jarraitzen dugunoi utzi digutenen legatua bizirik mantentzea, zailtasunak zailtasun atzetik datozenentzako eredu bilakatzeko saiakera kolosalari eutsiz.