KUSPEGI ekologikoaren barruan sartzen diren dimentsio ugarien artetik (baliabide naturalekiko arreta eta zaintza, hainbat motatako kutsadurei galga jartzea...), une honetan, giza jarduerak Lur planetaren beroketan duen eraginari erreparatzen zaio, horixe izan baita duela gutxi Glasgowen egin den goi-bileraren xede nagusia.

Hiri horretan bildu da, izan ere, COP 26 delakoa. Topaketa horrek gogora ekarri digu, beste behin ere, gure errealitateak, bai planetaren eta bai gizakion mailan, mugak dituela. Muga horiek gainditzeak ondorioak ditu eta, adituen arabera, balio jasangaitzetan gainditzen badira, agertoki guztiz ezezagunetara bidera gaitzake.

- Gure eragina gero eta kaltegarriagoa da, egunetik egunera, hainbat bizi-parametrotan, hala gizakiontzat nola planeta osoarentzat: lurzoruen kutsadura, edateko urik eza, berotegi-efektuko gasen isurketa, arnastu ezin daitekeen airea, eta abar. Etorkizun ez oso urrutiko batean, horrek guztiak ezinezko bizi-baldintzak sortuko ditu milioika pertsonarentzat gure planetaren parte handi batean. Ondorioz, milioika pertsona horietako asko emigratzera behartuta egongo dira.

Gizakiok, mugak izateaz gainera, zaurgarriak gara. Beste pertsonen premia ez ezik, bizitzeko moduko leku bat behar izaten dugu. Eko-mendekoak eta elkarren mendekoak gara. Garrantzitsua da hori ez ahaztea. Alferrik da deiadar egitea gauzak okertzen zaizkigunean. Errealitateaz arduratu behar dugu eta nire/gure erantzukizunak geure gain hartu, hau da, etor daitekeen errealitate gordin eta bidegabearen aurrean erantzun beharko dugu.

Guztiok -hala erakundeen nola norbanakoen mailan- egoera horren jakitun gara. Baina oso gutxik onartzen dute beren bizi-ohiturak aldatzea hori konpontzeko.

Herritar gehienok deitoratzen dugu Glasgowen munduko herrialdeetako gobernuek neurri zorrotzagoak hartu ez izana. Baina gobernu horiek Parisko COP 21eko erabakiak aplikatu dituztenean eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tasak ezartzearen ondorioz, energiaren prezioek gora egin dutenean (nahiz eta ez den arrazoi bakarra, ez eta garrantzitsuena ere), protesta egiteko eta egoera kritikatzeko arazorik ez dugu. Erakundeek, erabakimenez, neurri garrantzitsuak aplikatu behar dituzte, baina osoko ikuspegiarekin eta epe luzera begira.

Hainbat eremuk dute zuzeneko eragina klima-aldaketan. Aipa ditzagun horietako lau:

? Ibilgailuak

Gasolina- edo gasolio-automobilak ekoizteari utzi eta elektrikoetara igaroko gara dirudienez. Baina egin al da nahikoa ikerketa jakiteko eta esan ahal izateko baterien ekoizpenak ez duela beste hondamendi bat eragingo ingurumenean? Hibridoetan, zer erregai izango da elektrizitatearekin konbinatuko dena?

? Energia-ekoizpena

Etengabe handitzen ari gara energia-kontsumoa, elektrikoa, bereziki. Ikatza eta petroliotik eratorritako produktuak ezabatu beharra dago. Baita energia nuklearra ere, sortzen dituen arrisku garrantzitsuengatik; arrisku horiek 100.000 urte baino gehiagoz iraungo dute. Inork sinesten al du energia eolikoa edo fotovoltaikoa nahikoa izango direla gure beharrizanei aurre egiteko?

? Informatikako produktuak

Tresna informatikoen energia-kontsumoa garraioarenaren baliokidea da, eta modu esponentzialean hazten ari da. Prest al gaude horri mugak jartzeko?

? Elikadura

Abeltzaintzak sortzen ditu planetako berotegi-efektuko gasen % 18. Eta haragiaren kontsumoak gora egiten jarraitzen du, bai bilakaera demografikoagatik, bai gure gizarte-ohiturengatik, oro har. Prest ote gaude haragiaren kontsumoa murrizteko, nahiz eta urrats osasungarria izango litzatekeen dietista gehienen iritzian?

Izan dezagun konfiantza era guztietako hobekuntza teknologikoetan. Planetan bizi garen pertsonok jakinaren gainean egon behar dugu erronka unibertsal honi dagokionez, eta mugarik gabeko kontsumismo honetan dugun erantzukizun pertsonala onartu behar genuke. Azkenik, munduko erakundeek, erabakimenez eta modu globalean, aurre egin behar diote lehentasunezko arazo honi, administratuen gaitzespenaren beldur izan gabe.

Egin den COP 26 honek ahalbidetu «nahi» izan dizkiogun fruituak eman ditu. Beharrezkoak izango dira eta etorriko dira Nazio Batuen konferentzia gehiago klima-aldaketari buruz, baina denbora ez daukagu soberan. Garrantzitsua da gaur eta hemen egitea, biharko utzi gabe; beharrezkoa da jabetzea planetaren mugez eta gizakion zaurgarritasunaz. Ezinbestekoa dugu erantzukizun pertsonal, kolektibo eta instituzionalaren alde egitea eta praktikatzen hastea. Ez dezagun ahaztu, gehiago irabazteko irrikaz, guztion etxea gal dezakegula, dena gal dezakegula. * Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxemari Muñoa, Etikeren partaide