Erredakzio-Mahaia

Damuak tokirik ez duenean

14.11.2021 | 00:29
Damuak tokirik ez duenean

Gizarte konbentzioz ontzat ematen den arau estandarren arabera bizitzea erabakitzen dutenak ziurrenik ondorio berera heldu dira bikote baten bizitzan mugarri diren gailurren inguruan hausnartzerakoan. Etxe bat erosteko erabakia beti da errazagoa denbora baten buruan ondare materiala saltzeko aukera dagoen heinean. Antzeko zerbait gertatzen da maitasun likidoko garai honetan ezkontzeko ausardia erakusten duten horiek pausoa ematera anima daitezen: dibortziorako eskubidea dagoenetik "betirako" hitzaren solemnitatea lausotu egin da. Baina bada Idealista atariak eta familia abokatuek desegin ezin dezaketen hautua: seme-alabak izatearena, alegia. Hori uste nuen behintzat atzo irakurritako albisteak zur eta lur utzi nauen arte. Haurdunaldi subrogatuaren bidez Ukranian alaba bat izan zuen bikote italiarrak urte eta erdiko haurtxoa abandonatu egin du. Sasi-gurasoek 2020ko abuztuan bidaiatu zuten ekialdeko herrialdera, eta, jaioberria aintzatetsi ostean, umezain baten eskuetan utzi eta Italiari itzuli ziren. Hilabeteek aurrera egin ahala, bikotearen berririk ez zuenez, haurtzainak poliziara jo behar izan du. Eta hartu duten ezustekoa sekulakoa izan da italiarrek alabaren kargu egin nahi ez dutela konprobatzean, Inditexen kapritxoz erositako zapatak itzultzeko lehiatilak dauden legez umetxoak bueltatu ahalko balira bezala. Zorionez, txikiari adopzioko familia bat aurkitu diote, baina hemen dugu kontsumismoaren aroarekin zerikusi asko duen haurdunaldi subrogatua arbuiatzeko beste arrazoi bat.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia