EAEk kudeatzen ditu kartzelak. Joan zen maiatzean espetxeen eskumena Euskadiren esku uztea sinatu ondoren (2021eko urriaren 1ean jarri zen abian eskualdatze-prozesua eta 2022ko urtarrilaren 1ean burutuko da), hainbat esfortzu, denbora, eta bitarteko jartzen ari dira euskal espetxe-eredua egikaritzeko ahaleginetan.

Eskualdatze horrek berarekin dakartza, besteak beste, espetxeen antolaketa- eta funtzionamendu-eskumena -hau da, zigorren betearazpena, kudeaketa, koordinazioa eta segimendua-, segurtasun-neurriak, erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendu- eta esku-hartze programa espezifikoak; espetxeetako hainbat zerbitzu kudeatzea, hala nola hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxeetako lana, lanbide-prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea..., eta, esan gabe doa, espetxeetako higiezinen, azpiegituren eta ekipamenduen administrazioa eta kudeaketa.

Horri guztiari euskal espetxe-eredua deitu izan zaio. Eredu horrek bere erantzun propioa eman nahi dio Konstituzioak 25.2 artikuluan xedatzen duenari, alegia, askatasuna kentzen duten zigorrak eta segurtasun-neurriak berreziketara eta gizarteratzera bideratuta egon behar dutela. Agindu horren lege-garapena Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorrean islatu zen, 1979an. Lege horren lehen artikuluan adierazten denez, araututako espetxeen helburu nagusia, hain zuzen ere, askatasun gabetzea ekarri dieten zigorrak eta neurri penalak ezarri zaizkien preso horien berreziketa eta gizarteratzea da. Konstituzioaren eta Espetxe Legearen aipamen horrek balio beza gogora ekar-tzeko, nolanahi ere, espetxeen transferentzia gauzatu ostean, gobernu zentralaren eskumenak izango direla bai eremu horretako legegintza eta bai erregelamenduak egiteko ahalmena.

2. Preso guztien duintasuna aitortzea. Beste ezein gogoetaren aurretik, pertsonaren, pertsona ororen, zentraltasuna adierazi nahi dugu. Giza duintasunaren balio (sakratu) absolutuagatik zor zaio zentraltasun hori, babestu eta sustatu beharreko balioa, dudarik gabe. Esandako duintasun horretan oinarritzen dira giza eskubideak. Horrez gainera, gogoratu behar da ez garela gizabanako bakartuak, baizik eta beste pertsona batzuekin harremanetan gaudenak; harreman horiek ehuntzen dituzte familia-, gizarte- eta politika-komunitateak. Ezinbestekoak ditugu harreman horiek, batez ere zaurgarriak garelako eta zaintza, babesa eta sustapena behar ditugulako. Mota askotako lotura eta harremanen erdian bizi gara: elkarren mendekoak gara eta elkarri lotuak gaude, ezinbestean.

Ez dugu ahaztu behar harreman-sare horiek direla gure euskarria eta hor sostengaturik hazten garela. Zentzu horretan, espetxean dauden pertsona askok ez dute lotura eta harreman elikagarririk izan, eta horrek ikaragarri zaildu du eragindako gaitzari buruzko autokritika-prozesu beharrezkoa. Askatasun-gabetzearen eta espetxealdiaren ondoren zerbait ezinbestekoa bada, harreman esangura-tsuak eduki ahal izatea izango da.

Espetxe barruan, garrantzi handia du presoari bere trebakuntzan eta hazkundean laguntzen dion guztiak. Helburu horrekin lerrokatzen da hezkuntzari, prestakuntzari edo espetxeko lanari dagokion guztia, baita espetxeratuei laguntzen dieten gizarte-langile, terapeuta (psikologo) eta/edo hirugarren sektoretik sostengua ematen dieten hainbat pertsonaren lana ere.

3. Gizarteratze-premia. Azaldutakoak garrantzi handia du baldin eta nahi badugu espetxeratuak bere prozesua ahalik eta modu osoenean aurrera eramatea, izan ere, prestakuntza- eta lan-baliabideak beharrezkoak diren arren, harremanetan oinarrituta lantzen dena ezin baita beste ezein bitartekorekin ordeztu. Garrantzi-tsua da, halaber, espetxetik kanpo dauden senitarteko, bikotekide eta lagunekiko harremanak ahalbidetzea eta zaintzea. Harreman afektiboen eremuan jokatzen baita, hain zuzen, prozesu pertsonalaren parte handi bat. Espetxeratuak baimenen bidez metatzen ditu kartzelatik kanpoko bere lehen esperientziak. Baimen horiek, aurrerago, baliteke hirugarren gradurako eta baldintzapeko askatasunerako lehen urratsak izatea. Espetxetik kanpora begiratzen hasteko garaia da, pertsonaren indarguneak eta ahuleziak ezagutu eta balioesteko garaia. Zentroan eskainitako zerbitzuek eta emandako laguntzek presoari ekarpenik egin dioten egiaztatzeko unea. Baita berriro barnean hartuko duen gizartearen harrera-gaitasuna eta ahalmen inklusiboa ikusteko garaia ere.

Ildo horretan, beharrezkoa da Administrazioaren ekarpena: pertsona horien etorkizuna eraikitzen lagunduko duten bitartekoak eta baliabideak eskaini beharko ditu. Horretarako, guztiz beharrezkoa izango da, orobat, hainbat eragileren lankidetza eta koordinazioa: administrazio publikoak, hirugarren sektoreko erakundeak eta beste edozein erakunde, baldin eta, sarean lan eginez eta elkarren arteko pasabideak sortuz, sustapen- eta inklusio-prozesuak modu aktibo, koordinatu eta lerrokatuan eskaintzen badituzte. Inklusio horrek, aldi berean, herritarren parte-hartzea behar du, ingurune erosoagoak ahalbidetzeko. Horrela, beharrezko baliabideekin eta ezinbesteko harremanetatik abiatuta, orainaldian oinarritu eta etorkizunera begiratuko duen bizimodua ahalbidetuko dioten gaitasunak garatzeko aukera izango du. * Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García y José María Muñoa,