Aniztasuna oinarritzat

28.07.2021 | 00:32

KULTUR aniztasunak ez du liskarrik sortzen, aniztasun horren ukapena da liskarrak sortzen dituena". Aitortu behar dut esaldia ez dela nirea, baina oso gustuko dut. Teoriak, hainbat ideologien moduan, ederra eta praktikan jartzeko erraza dirudien arren, gauzatzeko garaian asko izan dira ukatutako aniztasunak, ukapen horren ondorioz liskar andana sortuz.

Ekainaren 25ean hogeita hamar urte bete berri dira Esloveniak eta Kroaziak Jugoslaviarekiko independentzia aldarrikatu zutenetik, Balkanetako Gerra bezala ezaguna den eta hamarkada bat iraun zuen gatazka armatu bortitz hari hasiera eman ziotenetik. Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma izan zen, Lehenengo Mundu Gerraren ostean eslaviarren zonalde hau estatu bakar batean bihurtzeko lehenengo saiakera. Urte gorabeheratsuen eta II Mundu Gerraren ondoren, Jugoslaviako Errepublika Federalista Sozialista sortu zen Tito jeneralaren gidaritzapean. Hogeita hamabost urte luzez lehen ministro izan zen Josip Broz Tito jenerala 1980. urtean hil zen arte. Hark 1945. urtean kargua hartu zuenetik etnia ezberdinen arteko nolabaiteko bake sozial bat lortu zuen Jugoslavia anitzean. Baina Tito hiltzearekin batera, ordea, nazionalismoek gora egin zuten eta, horrekin batera, gerrako danbor hotsak entzuten hasi ziren, guztiak eztanda egin zuen arte.

Etnia, erlijio eta kultura ezberdinek osatzen zuten eta dute, Jugoslavia zena eratutako sei errepublikek. Baliteke Sarajevo izatea estatu zahar haren aniztasunaren islada. Bosnia-Herzegovinako hiriburuko kanpoaldean etxe komunista tipikoek ongietorria ematen dute oraindik ere gerrako bonbardaketek eragindako zuloak nabariak direlarik eraikin horien hormetan. Hirigunera gerturatzen joan ahala, Europa erdiguneko hiri bat bailitzan, oinezkoentzat egindako etorbide luzeak topa daitezke; azkenik hiriaren muinean dagoen zokoak zonalde musulman tipiko batean gaudela ohartarazten gaituelarik. Mezkitek, elizek eta eliza ortodoxoak janzten dituzte Lehenengo Mundu Gerra piztu zuen erailketa pairatutako lekuko kaleek. Hainbat eta hainbat urtetan zehar, katoliko, musulman eta ortodoxoak armonian bizi izan ziren bertan, bai Austria-Hungariako Inperioaren edota Otomandarraren barnean egonda zein Jugoslaviaren parte zirenean ere. Mendeetan zehar, antzeko adiskidetasunean bizi izan ziren inguruko zonaldeetan ere, etnia ezberdinak elkarren artean egoera latente batean zegoen kultur aniztasunaren ukapenean oinarritutako nazionalismoak eztanda egin zuen arte. Srebrenicako garbiketa sistematikoa tarteko, latzak izan ziren gerra hark eragindako hildakoak, utzitako ondorio ekonomikoak, sortutako gorrotoak. Adibide gisa Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak hainbat urtetara kondenatutako jeneralak beraien herrialdean heroitzat hartzen direla ikustea besterik ez dago. Tamalgarria benetan.

Zoritxarrez, ohikoak izan dira ezberdin sentitzen den talde, herri, gizarte batekiko ezin ikusiek eragindako gatazkak. Amerikarrek indioak erail eta erreserbatan baztertu zituzten. Judutarrek beraien azalean jasan zuten holokaustoa eta orain beraiek dira palestinarrak paretik kendu nahi dituztenak. Txinan, Uigur etnia musulmana pertsegitua izaten ari da azken urteotan, estatu polizial baten errepresioa jasaten, beraien egunerokotasuna erabat baldintzatzen duen kontrolak pairatuz eta berreziketa deituriko kontzentrazio esparruetara eramanaz. Maoriek britainiarrengandik jasotako tratua ere ez da bere eredugarritasunagatik gogoratzen. Hortxe ditugu ere Kaukason maiz gertatu ohi

diren liskarrak. Ezin utzi kolonizatzaileek Afrikan egindako sarraskiak aipatu gabe, Hegoafrikako apartheid-a horren lekuko. Eta horrela hainbat eta hainbat kasu aurki genitzake historian zehar, baita gaur egun ere, soilik azalaren kolore, pentsaera, sinesmen, ohitura edota hizkuntza ezberdina edukitzeagatik baztertuak, deserriratuak edo, besterik gabe, erailak izan direnak. (Baliteke agian adibidea errepikakorra izatea, baina askotan ez da oso urrutira joan behar ukapenak muturraren parean ikusteko).

Zer da ba gizarte bat, herri, etnia, kultura, erlijio, arraza ezberdinen arteko nahasketa eta errespetua ez bada? Ez al da ba bizitza ezberdin pentsatu, sinetsi eta sentitzen duena ulertzen edo gutxienez errespetatzean oinarritzen? Bestela ez al litzake bizitza bera aspergarria, lineala, hutsa izango denak berdinak izango bagina, berdin pentsatu edota ohitura berdinak edukiko bagenitu? Askotan, ordea, kultur aniztasunaren ukapenak ekarri ditu, eta baliteke ziurrenik etorkizunean ere ekartzen jarraitzea, gerrarik lazgarrienak, garbiketa etnikorik larrienak, pertsona multzo erraldoien kanporatzeak. Hobe litzake ezin ulertuak, ezin ikusi eta gorrotoak alde batera utziko bagenitu. Bestela, jai daukagu gizarte duin bat eraiki nahi badugu.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia