KAINAREN 19an ez-ohiko argazkia atera genuen Donostiako Kursaal jauregian. Ez-ohikoa bai, baina berritzailea ere bai. Are gehiago, etorkizun kohesionatuagoa, berdinzaleagoa eta justuagoa eraikitzeko konpromisoa islatzen zuen ez-ohiko argazki berritzailea zela esan dezakegu. Gainera, ederra izan zen han argazki hori Euskal Herri osoko instituzioetako eta alderdi politikoetako ordezkariei zuzenean erakustea.

Horrela, ekainaren 19an, izaera eta eremu askotariko 99 elkarte eta erakundek hizkuntza-politiketan jauzia egiteko proposamen adostua aurkeztu zuten. Gerora beste hainbat eragilek sinatu dute eta geroz eta gehiago batzen ari dira, hazten jarraitzea baita adostasun honen bokazioa. Jauzia egiteko beharra ez ezik, jauzi horrek nora eraman behar gaituen ere adosteko gaitasuna izan dute eragile horiek guztiek, eta euskararen berreskurapen-prozesuan jomuga berri bat jarri dute mahai gainean: euskararen erabilera erosorako baldintzak bermatzea.

Elkarrekin aurrera egiteko gogoak bildu gintuen: denon hizkuntza-eskubideen alde, gizarte kohesioaren alde egiteko nahiak hain zuzen. Tamalez, egun, euskal hiztunen eskubideek bermatu gabe jarraitzen dute, hiztunen arteko desoreka eta desberdinkeria nabarmenarekin. Izan ere, euskal hiztunentzat nekeza da eguneroko jardun sozial oro euskaraz egin ahal izatea, erosotasunez eta bazterketarik gabe. Eta euskalduntzeko bidean direnek ere hamaika zailtasun izan ohi dute. Berme-neurririk gabe, zaurgarrienen kaltetan egiten baitu balantzak: hizkuntza-komunitatearen eskubideen galeran.

Nola ez, egoera hori are nabarmenagoa izan da pandemian. Izan ere, lehendik zetozen auziak gordindu besterik ez ditu egin, eta inoiz baino begi-bistarago geratu da euskarak eta hizkuntza-eskubideek bizi duten impasse egoera. Horrexegatik, hain zuzen, ondorioztatu dugu hizkuntza-politikak berrikusi, indartu eta jauzi berri bat egiteko garaia dela. Horrela, arrazoi horiengatik guztiengatik jauzi egin beharrak batu gintuen, gaur egungo hizkuntza-politiken langa gainditzeko.

Esan bezala, askotariko eragileok adostu genuen zein izan beharko duen etorkizuneko hizkuntza-politiken helburuak, erabilera erosorako espazioak bermatzea. Areago, horra iristeko etorkizuneko hizkuntza-politikek hartu beharko dituzten norabidetzeak adosteko ere gai izan gara. Horrela, etorkizuneko politikek helburu horretara iristeko ezagutzaren unibertsalizaziorantz jotzea eta euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotzea adostu dugu.

Alegia, batetik, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Iruditzen zaigu, edukiari dagokionez, paradigma berria jarri dugula mahai gainean. Inora eraman ez, eta askotan erantzukizun osoa euskaldunaren bizkar jartzen duen ezagutza eta erabilera dikotomia gainditu dugu, eta herritar guztiok ulertzeko moduko helburua adosteaz gain, horra iristeko bidea marraztu dugu askotariko eragileok. Eta hori handia da, oso.

Halaber, Kursaalean ateratako argazki horrek edukian ez ezik, partaideetan ere berrikuntza handia ekarri du. Gizarte osoa zehartzen duen auzia da hizkuntzarena: harremanen oinarria da, eta eremu guztian gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak. Horretaz gain, eragile sozialek, ekonomikoek eta abarrekoek hainbat erabakigunetan hartzen dute parte, eta beraz euskalgintza iristen ez den eremuetan eragiteko aukera dute. Hori dela eta, gizarte-eragileek ere erantzukizunez jokatzeko konpromisoa agertu nahi izan dute dinamika honen bidez. Norbere esparru eta harreman-sareetatik jardunez eta eraginez, denon eskubideak bermatzeko urratsak egin behar ditugulako, hain zuzen. Finean, hizkuntza-politika erdigunean berriz ere kokatu nahi izan dugu guztiok batera.

Askotariko eragileak ekartzea lortu dugu. Euskalgintzako eragileez gain, Euskal Herri osoko eragile sindikalak, elkargoak (abokatuak, sendagileak, ekonomialariak, erizainak, pediatrak...), unibertsitate-eremua, gazte-erakundeak, mugimendu feminista, LGTBI mugimendua, eremu kooperatiboa, kirola, aisialdia, enpresak... Hizkuntzaren normalizazio-prozesua puzzle baten gisa irudikatzen badugu, puzzle horretako hainbat pieza elkartu ditugu, gure artean egoki ahokatzeko asmoz. Horrek islatzen du beraz, dinamika honen lehen hitzaren esanahia: batu.

Halere, eduki batek haratago, aurrera egiteko nahiak batu gintuen ekainaren 19an, aldatzeko nahiak, zinez uste dugulako Batuz aldatu ahal izango dugula. Horrexegatik, aurrera begira jarri dugu geure burua.

Horretarako, oraindik iritsi ez garen eremuetako eragileekin egon nahi dugu, haiekin gure proposamena partekatu, haien iritzia jaso eta bat egitera gonbidatu. Bestalde, orain arte batu dugun indarra ekimen zehatzetara eraman nahi dugu. Horrexegatik, eragileekin batera saiatuko gara arloz arloko proposamenak egiten, hezkuntzan, aisialdian, eremu sozioekonomikoan, kulturan, hedabideetan... Eta proposamenak egiteaz gain, eremu horietatik euskararen erabilera erosorako baldintzak bermatzeko ekimen bateratuak definitu eta egikarituko ditugu. Lan egiteko modu berri bati ekingo diogu.

Azkenik, nola ez, askotariko adostasun sozial trinkoa adostasun politiko bihurtu dadin lan egingo dugu. Jatorri eta funtzio horren desberdinetako eragileok gai izan gara etorkizuneko hizkuntza-politiken norabidetzea definitzeko, hau da, gai izan gara gizarte berdinzaleagoa, justuagoa eta kohesionatuagoa lortzeko norabidetzeak adosteko; orduan, eragile politikoak bide horri batu beharko zaie eta etorkizun hurbilean adostasun soziala adostasun politiko bihurtu.

Ziklo berri eta interesgarri bati ekin diogu. Kontseiluan sinetsita gaude eragileei entzunez, eragileekin batera estrategia definituz, finean, elkarrekin lan eginez jauzia egiteko aukerak biderkatuko direla. Sinetsita gaude batasunak aldaketarako aukerak zabalduko dituela. Horrexegatik, beraz, Batuz aldatu. * Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia