Mariak ez dio sekula Mexiko utzi zutenik edo ihes egin zutenik, are gutxiago tratu txarrak jasaten zituztenik edo bortxatuak izan zirenik. Mariak bere semearentzako bizi hobe bat nahi duela dio bakarrik, indarkeriarik gabeko bizitza bat. Amak, ordea, alabarentzako bortxarik gabeko bizitza bat nahi zuela esaten du, menpekotasunik gabea, errespetuzkoa, bizitza duin bat, non eta bere bizi- tza aurrera eramateko aukera izango duen, eta bere erabakiak hartu ahal izango dituen.

Eta hori guztia, bere amari esker egin ahal izan dutela dio, Mariaren amonari esker. Hark babestu baitzituen Mexiko utz zezaten. Ez dute aipatzen desagertuen zerrendan agertzen direnik; egia esan, ez dute horretaz hitz egin nahi izaten.

Isiltasunak, ordea, egoera biderkatzea dakar. Dagoena onartzea. Ez salatzeak menpekotasuna hobesten baitu. Gorde, tapatu, iraunarazi. Iraunbizi beharrak borreroaren igitaia zorrozten jarraitzea dakar, emakumeen bizkar, lepo, sabel, bajina eta ametsak urratzen eta bortxatzen jarraitzeko baimena ematea. Mariak eskerrak damaizkio Jainkoari (sinestuna baita), bere semea mutila delako eta ez neska. Ustez, ez duelako gehiago desagertu beharko, edota ihes egiten lagundu beharko. Mariaren amonak eta amak, ostera, ez ziren zorte bereko izan, alabak erditu baitzituzten. Eta alabak erditzearekin batera, bizi diren hormen barruan (etxe barruan, lantokietan, eskoletan....), torturarik basatiena iraunarazten.