Erredakzio-Mahaia

Etxea teilatutik hastea

27.06.2021 | 01:15
Etxea teilatutik hastea

Berlinale izan zen iaz erabaki aurrerakoia zelakoan bere sarietan sexuaren araberako bereizketarik egingo ez zuela jakinarazi zuen lehen zinema jaialdia. Horren ondorioz, azken edizioan, Maren Eggert eta Lilla Kizlinger aktoreak suertatu ziren garaile. Emakume bi, nola ez. Zeren eta imajinatzen duzue halako apustu estrategikoa iragarri ostean bi gizonezko aukeratu izan balituzte? Orduan zein punturaino zehaztu daiteke diskriminazio positiborik ez ote zen eman? Edo zergatik jarri behako litzateke zalantzan aktore hauen talentua? Orain Zinemaldia izan da emakumezko eta gizonezko aktore onenentzako Zilarreko Maskorrik emango ez duela azaldu duena. Horien ordez, interpretazio nagusirik onena eta taldeko interpretaziorik onena sarituko ditu, bere burua genero ez binarioekin identifikatzen diren aktoreak aintzat hartzeko xedez. Horretarako feminismoaren barruan gertatzen ari diren eztabaidak harretaz jarraitzen dituztela arrazoitu dute. Baina feminismoari baino LGTBIQ+ kolektiboaren eskakizunei erantzuten diela esango nuke. Dudarik gabe aurrerapauso bat da gidoilari edo zuzendari onenaren kategorietan gertatzen den bezalaxe sexuaren araberako bereizketa deuseztatzea, baina emakumezko aktoreek zinemagintzan duten ordezkaritza urrigoa ikusita, sariak izendatzerakoan –orduan ere– zigortuak izan litezkeela pentsatu daiteke. Gutxienez sariak ex aequo emateko atea zabaldu dute etxea teilatutik hasteko nahiari erantzuten dion neurriarekin.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia