EHENGO egunean TVEko Imprescindibles programa ikusi nuen, Gay Mercader musika-ekoizleari buruzko dokumental bat. 70eko hamarkadaz geroztik, Espainian kon-tzertu ugari antolatu dituen produktorea da: Rolling Stones, Sting, Patti Smith, The Cure, Iggy Pop eta beste askoren kontzertuak antolatu ditu. Azaldu zuenez, berak bizitza osoa eman du edertasunaren bila eta, edertasun hori bilatu du musikan, antzerkian, literaturan, zineman... Baita adiskidetasunean eta sexuan ere. Hori entzutean Ramon Trecet etorri zitzaidan gogora, nola Radio3-en aurkezten zuen saioa agurtzeko beti erabiltzen zuen esaldi bera: "Bilatu ezazue edertasuna. Hori da mundu nazkagarri honetan merezi duen gauza bakarra".
Zalantzarik gabe, mundu nazkagarriarena agerikoa bihurtu da azken egunotan: Gazako bonbardaketak, milaka etorkinen etorrera Ceutara... Gertatzen ari den guztiaren irudi gutxi batzuk ikustearekin nahikoa da ohartzeko zein merkea eta hutsala bihurtu den gizaki batzuen bizitza mundu honetan, zein gutxi axola zaien gainerakoei, zein injustua den munduaren alde okerrean jaiotzea.
Eta, hala ere, tragediaren erdian edertasuna agertu daiteke, zaborretan loreak bezala. Bat-batean, Gurutze Gorriko txalekoa daraman emakume bat ikusten dugu gizon bat besarkatu eta kontsola-tzen. Ceutara itsasoz iritsi den milaka horietako bat da, blai eginda dago, negarrez, dardarka, izututa. Emakumeak besarkatu egiten du, berak itsasoan enborrari bezala heltzen dio emakumeari. Ez dute elkar ezagutzen, bi mundu ezberdinetako izakiak dira, baina, bat-batean, bada batzen dituen zerbait, berdinak izan litezkela sentiarazten diena, mundu honek galaraziko ez balie.
Batzuetan pentsatzen dugu edertasuna gauza positiboetan, alaietan, onetan baino ez dagoela. Baina edertasun handia sortu daiteke oinazetik, zauritik, bidegabekeriatik. Eta, hain zuzen ere, Mercaderrek aipatzen dituen literaturan, musikan, antzerkian, zineman, hain beharrezkoa den edertasun horren adibide ugari aurkitu daitezke: atximur egiten digun eta pentsarazten digun edertasunarenak.