AUR Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, ICOM Nazioarteko Museoen Kontseiluak antolatutako efemeridea. Ospakizunaren asmoa gogoeta sustatzea da, eta gonbidatzen gaitu museo-zentroak etorkizunean nolakoak izan behar diren hausnartzera, gai hau abiapuntu izanik: "Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berriz imajinatu".

Zehazki, hori da gure museoek egin dutena: bat egin dute, eta erakutsi digute Bizkaia museo handia izan daitekeela, askotariko jarduerez osatutako museo bikaina (www.museoeneguna.eus). Museo horrek gure lurraldea ardazten duten 6 ate ditu: historia, industria, itsasoa, artea, natura eta sentimendua. 6 ate horietatik, Bizkaia museo handiak 41 aretotarako sarbidea eskaintzen digu, baita milaka pieza, jarduera eta istorio ezagu-tzeko aukera ere. Horrela, lankidetza sekula baino eraginkorragoa den garaian, museoek elkarlanean eta zeharkakotasunean oinarritutako etorkizuna irudika-tzen digute, ICOMek azaldutako erronkari erantzunez.

Orainaldiak erakutsi digu etorkizunerako prestakuntza onena elkarlana dela, eta gure museoak elkarlanaren adibide ezin hobea dira Museoen Nazioarteko Egun honetan: sei ardatz tematikoren bidez bat eginik, elkarren artean konektatuta daudela erakutsi dute. Bereziki nabarmentzekoa da Bizkaia bere osotasunean uler-tzeko ahalegin hori: lurraldea puzzle handia balitz bezala, museo bakoitzaren piezek lagundu egingo digute Bizkaiaren ezaugarri bakan bezain zoragarriak deskubritzen. Puzzle bat, museoek sei geruzatan antolatua, gure gizartea izan zenaren eta denaren ikuspegi sintetikoa emanez.

Hausnarketari esker, museoek ikusi dute euren bildumak ez ezik, euren lan egiteko modu partikularrak ere badirela ezagutarazteko elementu garrantzitsuak: publikoak esperientzia eta bizipen paregabeak izateko bideak dira artxiboetara eta gordailuetara egindako bisitak, museo horietako laborategietako lankidetzak edo zaharberritze-lantegiak. Programak osa-tzen dituzten erakusketa, zaharberritze, hitzaldi eta jarduera didaktikoen atzean zer dagoen jakin nahi dute herritarrek. Gure museoetako aditu eta profesionalen aurpegiak ezagutu nahi dituzte, eta jakin nahi dute nolakoa den erakusketak diseinatzeko eta muntatzeko prozesua.

Museoetako bildumak zein lan egiteko moduak ikusarazteko, hau da, ezkutuko zereginak erakusteko langintzan, teknologia, askotan, aliatu bikaina izan daiteke. Izan ere, ikusi, ukitu, sentitu eta esperimentatu egin behar da museoetan. Esperientzia sustatzen duten museoak behar ditugu. Eta horretan ere, teknologia lagun baliotsua da, murgiltze eta bizipen bila era guztietako jarduerak osa ditzakeena. Teknologia bidelagun, museoek euren lekua hartzen dute komunitatearen baitan, eta diziplina aniztasunaz baliatuz, ikuspegi berriak bilatzen dituzten etengabe, ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoz. Bizkaiko museoek, euren burua berriz imajinatzeko ahaleginean, elementu horiek guztiak oso presente dituzte une oro.

Ahalegin horri esker, 41 museoen eskaintza primerakoa da: jardueren programa benetan zabala, askotarikoa, berritzailea eta kalitate zaindukoa, ez baitago pandemiarik gure lurraldearen kultur eskaintza geratuko duenik. Museoak horren adibide argia dira, pandemiaren kalteak jasan arren, azkar berreskuratu baitituzte ohiko jarduerak eta publikoak.

Kalitatea nabarmena da ikuspegien erakargarritasunean, adin guztietarako jarduera irisgarrietan, eta espazio horietako bakoitzaren programazioa kontu handiz zaintzen duten profesionalen lanean. Hurbilekoa balioesteko unea da, sekula baino gehiago, tokiko aberastasuna ezagutzeko eta gozatzeko. Zatoz Bizkaiko museoak ezagutzera. Berreskuratzeko eta euren burua berriz imajinatzeko ahaleginetan dabiltza, eta langintza horretan gure laguntza behar dute. Zure laguntza. Publikoaren laguntza. Eta Museoen Nazioarteko Eguna eta jarduera programa berezia aitzakia ona izan daitezke, baita beste edozein egun ere.

Inguruan ezagutzaz betetako museo ugari ditugu: zer izan ginen eta zer garen adierazten digute, eta behin eta berriz gozatzeko eta bisitatzeko lekuak dira, bisita bakoitza desberdina delako, museo bakoitza `benetan berezia´ delako. Ez badituzu ezagutzen, bizi esperientzia... edo, hobeto esanda, bizi 41 esperientzia, benetan bereziak. Ezagutu Bizkaiko museoak. Ezagutu Bizkaia.

* Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua