Erredakzio-Mahaia

Prebentzio-kanpaina

25.04.2021 | 01:10
Prebentzio-kanpaina

Lehen emankizunean espektakulu galanta eman zuela entzun eta bigarrena galduko ez nuela hitzeman nuen. Negazionista dela aldarrikatzen du lau haizetara baina badaezpada elkarrizketa egin aurretik grabaketaren ekoizpen lan-taldeari PCR frogak egiteko agindu du. Antisistema dela ziurtatzen du baina hara non ez du kapitalismoaren muturreko erakusle handienetakoa den haurduntza subrogatua errefusatu. Egia objektiboaren alde egoteaz harropoztu da baina 2,6 milioi pertsonen biziarekin akabatu duen osasun krisiak pandemia izateko "kasta" falta duela uste du. Garaiz nago Miguel Bosek La Sextan eskainitako ikuskizun kontraesankor eta negargarriari buruz zerbait esateko? Azkenaldian telebistan ikusi dudan antzezpen histrioniko eta patetikoenean, iraganean errespetu zantzuren bat iradoki zezakeen pertsonaiak zentzuzko gauza bakarra egin zuen: bere teoria irrigarriak banan-banan eraitsiko zituen zientzialariarekin aurrez aurreko topaketari uko egin. Egun batzuk beranduago, zientzialari hori, Quique Bassat izenekoa, kate bereko El Intermedio programan agertu zen. "Zientzian ez dago egia absoluturik, datuak daude", azaldu zuen dibulgatzaileak. Eta datuak aipatu behar badira elkarrizketa honekin Gobernuak drogen kontrako prebentzio-kanpainan aurreztuko duena datorkit burura. Inplizituki mezu interesgarria helarazi baitu elkarrizketak: aizu, kokaina marratxo hori muturraren aurrean duzunean hobe bi aldiz pentsatzen baduzu.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia