FFIRMATIVEAction esaten zitzaion Hego Afrikan beltzen Apartheid garaiko bazterketa historikoa orekatzeko lege eta praktika sozialei. Parafrasi hori erabiltzen da eremu anglosaxoian, gazteleraren eremuan esaterako diskriminazio positiboa erabiltzen da, bazterketak orekatzeko orduan talde zapalduaren igoeran, eta ez talde hegemonikoaren beheratzean, jartzen delako azpimarra.

Feminismoak irakatsi du, gizarteko kokapen pribilegiatuak kopuru mugatukoak izanik, emakumeek kokapen horiek betetzeko gizonek hustu egin behar dituztela.

Politika publiko horiek bultzatzearen aldekoa naiz ni, baina horien harira sortutako zuzentasun politikoaren kontzeptuak zalantzak sortzen dizkit, eta, beraz, iruditzen zait Zizek filosofoaren analisiek arrazoi puntu bat badutela: txiste arrazista konpartitu batek gehiago egin dezake arrazismoaren kontra ezen arrazismoa nabari-nabaria izan eta txistea erreprimi-tzeak baino, txiste arrazistak, zuri batek beltz bati egindakoak esaterako edo alderantziz, adierazten baitu bi gizatalde horiek gutxienez gizartearen oker batekiko obszenitatea partekatzen dutela.

Zuzentasun politikoak gizartearen bi parte horiek bananduta bizitzera kondenatzen ditu. Txiste arrazistak, homofoboak, misoginoak min egiten dute, badakit, baina isiltasun inposatua baino sanoagoak dira.

Banaketa horrek absurdoraino eraman dezake gizartea. Joe Bidenen lehendakari izendatzeko ospakizunean Amanda Godman poeta afro-amerikarrak irakurritako poema katalanez emateko itzultzailea, Victor Obiols, Shakespearen eta Oscar Wilderen itzultzailea berau, "ez egokitzat" jo dute. Baina lehenago alemanerako itzultzaileak, Marieke Lucas Rijneveld idazleak, muzin egin zion lanari protesta oldea zela eta. Arrazoia: ez Obiol ez Rijneveld ez direla emakume beltzak, Amanda Godman den bezala.

Ez dut neuk ukatuko literaturan, arlo askotan bezala, izan den emakume eta beltzen bazterketa, baina Godmanen poemaren itzultzailea emakumea eta beltza izan beharrak Zizekek salatzen duenaren adibide da, ez dugu txistea egingo, eta horrek adieraziko digu gizartea ez dela arrazista. Horrela estalita geldi-tzen da, esaterako, pobreziak arrazismoan duen eragin itzela.