Erredakzio-Mahaia

Erantzunen proportzioa

21.02.2021 | 01:04
Erantzunen proportzioa

PAblo Hasel raperoaren espetxeratzeak ageriko arrakala sorrarazi du koalizioa gobernuan, non desadostasunen ondorioz tentsioak gora egin duen. Tentsio bera islatu da azken egunotan Madrilgo, eta, batez ere, Bartzelonako kaleetan. Abeslariaren aldeko manifestaldietan adierazpen askatasunaren aldarria ozen entzun arren, hedabideetako titularretan beste kontu batzuek izan dute oihartzun gehiago. Halako protestetan, ohikoegia denez, guztiz zilegiak diren aldarrikapenak hondatu dituzte bazterrak nahasteko tartean sartzen diren gaizkileak. Haien xedea ez da atxiloketaren kontra senti dezaketen gaitzespena adieraztea, amorrua modu bortitz eta errukigabean bideratzea baino. Ulergaitza baita, bestela, mossoei harriak bota-tzeagatik adierazpen askatasunari mesede egiten dietela pentsa-tzea. Kalterik handienak ez dituzte harrikadak jasotako poliziek pairatu, erantzun neurrigabearen aplikazioan foam jaurtigai baten eraginez begia galdu duen emakumeak baizik. Biolentziaren bidetik inork irabazten ez duela esatea agerikoegia izan daiteke, baita zauri larriak eragin ditzaketen jaurtigaiak debekatu egin beharko liratekeela. Horregatik, manifestaldi baten ondorioz honelako istiluek protagonismoa hartzen dutenean mobilizazio feministetako ikurritza datorkit burura: "Erasorik ez, erantzunik gabe". Izan ere, erantzun hori beti izaten da baketsua, sobietar fusilak erabiltzeko arrazoiak badaude ere. Baina ildo horretatik, bakezaletik, baino ezin dira lortu garaipenak.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia