XIKI orok nahi izaten du bere historiatxoa handitu, distiratu eta loriatsu agerrarazi. Irabazle eta boteretsuen kontakizuna nagusitzen da, ordea, ia salbuespenik gabe. Winston Curchillek "historia garaileek idazten dute" esaldia sonatu egin aurretik ere ondo zekiten hori edozein gatazkatan galtzaile izan zirenek. Borrokaren parte garrantzitsua baita ondorengo belaunaldiei transmitituko zaiena; entziklopedia fisiko, digital eta mentaletan idatzita geratuko dena. Geure ñimiñoan, nolabaiteko harrotasuna eragiten zigun Bigarren Mundu Gerran AEBek erabili zituzten hizkuntza kodetuen artean ­-hedadura urriko izateak zemaien "dohaina"- euskara zegoela jakiteak, edo sinesteak. Azken ikerketek gezurtatutako kontuak izan arren, egiak ez diezagula urguilurik apaldu.

Zenbait mezularitza aplikaziok, Whatsapp ezaguna tartean, muturretik muturrera kodetzen bide dituzte guk elkarri bidaltzen dizkiogun mezuak. Asteon hizpide izan dute Atresmediako El Chiringuito telebista-saioan Athletic futbol taldeko jokalariek -Realekoek ere bai, antza- erabiltzen omen duten mezularitza-sistema, muturretik muturrera kodetua: euskara. Betisen aurkako kopako partidan ere erabili omen zuten -ni lehenengora, zu bigarrengora, luze...-, eta talde andaluziarreko jokalariek ezin usainik hartu. Zenbait politikariri ere eman die zer esana. Pablo Iglesiasek txio hau hedatu zuen: "Vascos hablando en euskera entre ellos. Ahora sí que se rompe España." Oskar Matutek, ostera, beste hau idatzi zuen: "Ansioso espero que eleven propuesta a la FIFA y el COI para que el esperanto sea la única lengua permitida en todo evento deportivo internacional...".

Bigarren Mundu Gerrako Sagarra operazioarenak beti egin izan dit grazia, egia izan zein ez. Iñaki Williams "zu bigarrengora!" esaten irudikatzeak ere bai. Pauso handia litzateke besteek ez ulertzeko erabiltzetik geuk elkar ulertzeko erabiltzera pasatzea