Zenbait gogoeta pandemiaren kontura

15.10.2020 | 01:27
Zenbait gogoeta pandemiaren kontura

hONDORIK gabeko leize batean eroriak garela dirudi. Bizi dugun larrialdiak bizitzaren atal guztietan eragin du. Krisi sanitarioa iturburuan, baina ez dago ukatzerik ekonomia, gizartea eta politika ere oso-oso serio ikutu dituela.

Maiz entzuten ari gara pandemiak ez dituela herrialdeetako mugak ezagutzen. Eta zabalkuntza globala duen krisialdia izanik, onar genezake etxean asma eta ezar genitzakeen neurriez haragoko estrategiak sortzea ikuspegi globalaren jabe diren erakundeei dagokiela. Hala ere, euskotarrok ez gaude salbuetsita gure koordenada propioetatik geurezko irakaspenak ateratzeko, hilabete luze hauetan egindako kaltea konpontzeko lagun diezaguketenak. Osasun larrialdiaren gainean, beraz, galderetako bat litzateke zein diren gure artean azaltzen ari diren jaiera eta egoerak.

Birusari aurre egiteko premiatasunak baldintzatuta beharbada, bigarren maila batean geratu dira berreraikuntzaren zer-tzelatze lanak. Baina, dagoeneko agerian geratu dira zuzendu beharreko gabezietako batzuk. Medikuen Elkargoek kezkatuta agertu dira Lehen Arretako zerbitzuen saturazio-egoeragatik. Euskal Parlamentuak egin duen azken saiotik ondoriozta daiteke auziaren larriaz jabetu dela. Osakidetzaren ardatza den zerbitzua, osasunaren zaintzarako bere onenean mantendu behar den euspen-horma hori indartu egin behar dela agindu berri du lehendakariak.

Baina, gure osasuna ez da soilik Osakide-tzaren ardurapekoa, jende askok horrela uler-tzen badu ere. Azpiegitura sanitariorik onena izanda ere, gizabanakooi dagokigun eran-tzukizun pertsonal eta komunitariorik gabe ezin izango zaio osasun-larrialdiari behar den bezala aurre egin.

Giza-zaurgarritasuna agerian geratzen ari den bezala, garaiko kulturaren muinean dagoen ezbaia azaltzen ari da. Ez al dago lege-ezarpenaren mehatxuari sorik egin gabe jokabide soziala arautzeko indarra duen gizarte-erantzukizunik? Alferrik da erantzukizun sozialaren eta legezko preskripzioaren arteko dikotomiaren konponbidea bi mutur horietako batean bilatzea. Moldakorra den erdibide batean dago erantzuna. Salbuespenezko egoera da, eta biak –legea eta erantzukizuna– malguki integratzea da bide egokiena. Zigorrak ezarri behar dira gertatzen diren zenbait jokabide oker zuzentzeko, baina jendearen gehiengoak arduraz jokatzen du, jarritako neurriak gogorik onenarekin kunplituz.

Badago arau-hausteen justifikazioa topatu nahi duenik ere. Jarrera horren azpian dagoena euskal karakterraren ezaugarria omen den "gregarismoa" dela esan berri du Denis Itxasok. Eta antzeko zerbait EHBilduko Ubera eta Ibargurenek, auzo-zaletasunak bultzatutako portaerak direla. Baina, jokabide urratzaile horien atzean ez dago inolako taldekoitasunaren aldeko grinarik, arau-hausleen berekoikeria ajolakabea baizik. Eta hori bere gordintasun horretan salatu beharra dago. Nekane Murgari esan ohi zitzaion bere egitekoa ez zela gizarte-talde jakin batzuen jokamodu bidegabea gaitzestea. Egia esan, kontrako posizioa da auzo bizitzaren-tzat guztiz kaltegarria dena. Herri honetan, erantzukizunez jokatzen ez duenari kargua hartu behar zaio. Gure senekoa zen printzipio baten arabera, gizabanakoak ezin zuen hartu berarentzat ardurarik ez zakartzan eskubiderik, oraingo euskal demagogoak bestelakoaren alde egiten badute ere.

Demagogia horrek ez dio inolako eragipen onik egin gobernantza politikoari. Esan beharrik ez dago bizi dugun larrialdia izugarria dela. Gaixotasunaren zabalkundea neutralizatzeaz aparteko eginbeharrak ugari dira. Egoerari aurre elkarlanean baino ezin zaio egin, eskuarte publiko zein pribatu guztien bitartez. Zentzuz jokatu ezkero, arlo ezberdinetako erakunde edo elkarteek, herritar banakoek ere, erantzun beharko liokete elkarrekin (auzolanean) aritzeko deiari. Gobernantza era kooperatiboenean egiteko garaia da.

Hala ere, Parlamentuko bigarren indarrak ondorioz hartu duena da "polarizazio politikoa" ikusarazi behar dela, eta beraz Urkullu eta "EAJ honekin" batera ez dela posible lankidetzan aritu. Hitz gutxitan, larrialdiaren garaia baliatu nahi dute aurkakotasun politikoak areagotzeko aukera bezala.

Gaizki egingo lukete lehendakariak eta bere alderdiak, Otegiren taldeak proposa-tzen ari zaien termino berberetan erantzungo balute. Gobernuan dag oenak bere burua oposizioaren erasoetatik defenda-tzea baino arreta haundiagoa jarri behar du dagokion funtzioa betetzen. Eusko Jaurlaritzak ez du bere goiburu den auzolanaren iparra galdu behar. Auzolanak esan nahi duena da elkarkide garenok elkarrekiko obligazioak beteaz eta elkarrekin lan eginez lortzea dugula guztion ongia. Gure herrigintzan auzolanaren kulturari tinkotasunez eusten diogun bitartean, seguru ez dela tokirik izango zatiketa edo polarizazioa ziztatzeko prestatzen ari den edozein estrategiarentzat.

Momentuko herrigintzaren zeinua elkarlana da, berreraikuntza lehentasun gisa hartu den garaikoa. Agian, zentzu praktikoa izan da herri bezala izan dugun ezaugarririk aipatuenetakoa eta "aukeren alorrean joka-tzen jakitea" ahalbidetu diguna, Arizmendiarrietaren iritziz. Aitortu behar da bertakotasunean errotuta jardun izan duela zen-tzu praktiko horrek. Horrela ikusita, nahikoa litzaiguke euskal eskalaz gaineko eta denboraz gertuko diren aukera edo mehatxuen aurrean ondo kokatzeko dugun gaitasun hori bizirik mantentzea. Ez litzateke gutxi izango.

Baina, jarraikortasun historikoaren bila ari den herri batek bere denbora luzearen jabe ere egiten saiatu beharko luke. Orduan, plantea daitekeena da krisia aukera bezala etorri ote zaigun etorkizunera begirako herri-ikuspegia lantzeko. Ez naiz partikularki erakunde politikoez ari etorkizuna asmo bihurtu beharraz ari naizenean. Euskal nazioaren sasoia, estatus politikoaren mailarekin identifikatu soilik perspektiba murritz batetik egin daiteke. Gure eraketa politiko-formala, noski, oso inportantea da, baina gizarte lana da lehena, komunitatearen sendotasuna eta iraupena nahi badugu. Azken honen sail guztiak indartu eta gero, energia berriekin bultza daiteke gainera estatusaren aldaketa, Acemoglu-Robinsonek deitutako Erregina Gorriaren efektuaren bitartez.

Bitartean, ez ditzagun eztabaida formalak puztu; eta, ameskerietan erori gabe, jarri gaitezen arnas luzeko herrigintzaren pizkunde berri bat pentsatu eta abian jartzera. Hori lortuko dugu etxeetatik hasten bagara oinarriak jartzen, auzo harremanak indartzeko, elkartegintza zibikoa zabaltzeko, edo inguru horri funtzionala litzaiokeen lankidetza-ekonomia bultzatzeko,€ Baina, gizarte-egitura horren antolamendu osoa ez da egingarria izango eragintza espiritualik gabe. Horregatik, "eusko-espirituz ta arnasa barriz biziarazo dagigun inguruan daukagun guztia", Arizmendiarrietak aholkatu zigun bezala.* Analista

Blogs de Deia
Foros Deia