Erredakzio-mahaia

Espioi teknologikoak

11.10.2020 | 01:13
Espioi teknologikoak

Aurrezenbakia ikusi nuenetik susmo txarra hartu nion. Behean, deia Kordobatik zetorrela abisa-tzen zidan mugikorrak. "¿Sí?", galdetu nuen. Jariotasun andaluziarraz, Endesatik deitzen zidala eran-tzun zidan, nire izen-abizenak eta nire gurasoen helbidea aipatuz. Hainbat beherapen eskaini behar zizkidala esan zuenean moztu egin nion, etxe horretako fakturak inoiz ez direla nire izenean helbideratu azalduz. Erne jarri nintzen. Berataz fidatzen ez nintzela esatean atzeman nuela konturatu, eta, dotoretasunez, eskegi zuen. Zenbakia Googlen bilatu nuenean, dei bera jaso zutenen testigantzak aurkitu nituen foro baten. Zorionez, kontu korrontea eskatutakoan, denek eseki zuten, iruzurrean erori baino lehen. Lankideei kontatu nien pasadizoa, batez ere nire datuak nondik atera ote zituzten ikertu nahian. Ez nuen ezer garbirik atera, baina are deserosoagoa zen errealitate batekin egin nuen topo. Euretako batek esplikatu zidanez, asteak zeramatzan zurtuta, Googleko laguntzaileak bere hizketaldiak zelatatzen zituelako. Adibide batekin azaldu zidan: behin amari kontatu zion azken boladan bizkarreko minak zituela. Ostean, inongo bilaketarik egin gabe –badakigu cookiek nola funtzionatzen duten–, burko zerbikalen iragarpenak ikusten hasi zen nonahi. Beldurgarria da, ezta? Bada badirudi teknologiaren garapena intimitate-eskubidearen eta konfidentzialtasunaren desagerpenaren eskutik datorrela. Presta gaitezen.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia