EU ere horietariko bat naiz. Neu ere mintzen den horietako bat naiz, Euskal Telebistako 1eko kanala jartzen dudanean euskara hutsean mundu bazterretan gertatzen diren kontuak albiste gisan entzuteko, eta informazioa hornitzeko agertzen diren kaletarrak gaztelaniaz entzuten ditudanean. Neu ere mintzen den horietako bat naiz, pentsatzen dudalako euskaldun asko badirela munduan, euskara apur bat sikiera dakitenak, eta ez dela oso nekosoa izango euskaldun horiek kale barrenetan topatzea, albistea euskaraz osatzeko eta behar bezala euskaldunei helarazteko.

Neu ere mintzen den horietako bat naiz, gaztelaniaz mintzatzen diren horien esaldien edo ateraldien azpian ez dituztelako euskarazko azpitituluak jartzen edota off-eko ahotsa erabiltzen. Neu ere mintzen den horietako bat naiz, ikusten dudanean zenbat pertsona agertzen diren Euskal Telebistako euskarazko kanaletan espainolez hitz egiten. Neu ere mintzen den horietako bat naiz, euskara hutsez bizitzeko erreminta ederra izan litekeen telebista horrek espainolari ere plaza ematen diolako euskarari muzin eginez, eta euskaldunari errespetua galduz.

Neu ere mintzen den horietako bat naiz, laurogei eta piko urte dituen baserritara, euskara jori eta jator baten jabe den hori, lehen kanalean euskaraz entzun ostean, gaztelaniazko albistegietan hizkuntza hegemonikoan eta modu traketsagoan egitera behartzen dutenean (benetan, hain zaila da itzulpenak jartzea edota off-eko ahotsa erabiltzea?).

Neu ere mintzen den horietako bat naiz, hainbat eta hainbat euskalduni euskarazko elkarrizketatxoa egin ostean, "ahora, ¿te importa hacerlo en castellano?" galdetzen dietenean. Neu ere mintzen den horietako bat naiz, euskaldun horiek ezetz esaten ez dutenean. Neu ere min-tzen den horietako bat naiz "Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien, orai dute porogatu enganatu zirela. Euskara Ialgi hadi plazara" oraindik ondo ulertu eta ikasi ez dugulako.

Neu ere mintzen den horietako bat naiz, euskara simulazio bilakaturik lohitu eta baztertu egiten denean.